Azpeitiak (2019) eta Legutiok (2020) Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista hartu ondoren, aurten Altsasuren txanda izanen da. Gazte Kontseilu Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleak-ek (IA) antolatu dute topagunea. Antolatzaileek gaztigatu dutenez, “azkeneko ikasturteak pandemia eta krisi kapitalistak baldintzatuak egon dira, hamaika izanik eskubide zibil zein politikoetan ezarri dituzten urraketak”. Bai GKS bai IAko kideek “hezkuntza esparruetan antolakuntza komunistaren baitan lanean jarraitzeko hautua” egin dute, “instituzio burges eta alderdi politikoen influentziatik kanpo gure jardun politikoarekin jarraituz”.
Eta Topagune Sozialista antolatu dute “antolakuntza independente bat garatzeko gaitasunak handitzeko helburuarekin, egungo zenbait auzi politikoren inguruko hausnarketa bultzatuz eta aisialdirako egitarau oso bat prestatuz”. Hausnartzeko honako gaiak jorratuko dituzten hitzaldiak antolatu dituzte: krisi kapitalista eta estrategia sozialista berriaren oinarriak; ekonomia borroka ikuspegi sozialistatik aztertuz; askatasun politikoen aldeko borrokaren garrantzia eta zapalkuntzei aurre egiteko metodologia politikoaz. Horiekin batera, Euskal Herriko testuinguru politikoa aztergai duen mahai ingurua izanen da. Horretaz aparte kontzertuak, olinpiadak, bertso-saioak...