Txirrindularitza

Imanol Erbitik ezin izan zuen Paris Roubaix epikoa despeditu

Guaixe 2021ko urr. 4a, 10:32
Imanol Erbiti, galtzadarrien eremu batean. BETTINIPHOTO 7 MOVISTAR TEAM.

Hiriberriko txirrindularia hasieran ihes egindakoen taldean egon zen, baina eroriko baten ondorioz proba utzi behar izan zuen

Epikoa, gogorra, lokaztua, harrigarria… finean, ikusgarria izan zen, oso, atzo jokatutako 118. Paris Roubaix klasikoa. “Iparraldeko infernuko” ediziorik gogorrenetakoa izan zen, izan ere euriak, haizeak eta eguraldi kaxkarrak guztiz baldintzatu zuen 257,7 kilometro luzetan galtzadarri, xenda eta bidexka gogorretatik pasatzen den proba. Biziraute proba hutsa izan zen atzokoa, tarteka ziklo krosa izan zena, eta zaleen oroimenean iltzatuta geratuko dena. Erorikoak –baita motorrenak ere– ohikoak izan ziren, eta autoek ere makina bat arazo izan zituzten bidean zeuden putzu eta lokatz eremuak gainditzeko. Beraz, lasterketa bukatzea, jada, garaipen itzela izan zen. 

Imanol Erbiti (Movistar Team) izan zen Paris Roubaixen aritu zen txirrindulari sakandar bakarra. Hiriberriko txirrindulariak esperientzia handia du halako klasikoetan, eta lan ona egiteko gogotsu zegoen. Lasterketa hasi eta tropela galtzadarrien eremuan sartu bezain pronto zatikatu zen, eta sortu zen 30 txirrindulariz osatutako lehendabiziko mozketan sartzea lortu zuen Hiriberriko txirrindulariak. Baina eroriko baten ondorioz Imanol Erbitik “Iparraldeko infernua” utzi behar izan zuen, kolpe gogorra izan baitzuen eskuan. 

Sei ordu luzeko infernua eta gero, lokatzez estalitako Sonny Colbrellik (Bahrain) lortu zuen garaipena (6:01:57), Vermeersch (Lotto) eta Matiu Van der Poelekin (Alpecin) izandako esprintean gailenduta.