Ostiralean Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako 1. jardunaldiko partida hartuko du Altsasuko Burunda pilotalekuak, Joseba Ezkurdiaren eta Unai Lasoren artekoa. Laso final zortzirenetan Peña irabaztetik iritsi da final laurdenetara, eta bertan Joseba Ezkurdia du zain. Bi pilotariek ostiraleko lehia garrantzitsurako materiala gaur, asteartea, 15:00etan aukeratuko dute, Burunda pilotalekuan.
Altsasuko jaialdirako sarrerak salgai
Altsasuko jaialdia ostiralean, 21:30ean hasiko da eta ETB1ek eskainiko du zuzenean. Lehenik eta behin Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako partida jokatuko da. Ondoren, Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako 1. jardunaldiko partida erabakigarria izanen dute jokoan Ezkurdiak eta Lasok, eta, bukatzeko, binakako goi mailako partidaz gozatzeko aukera izango dute Burunda pilotalekuan bilduko diren pilota zaleek. Zabaletak Irribarriarekin osatuko du bikotea, Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra aritzeko. Zalantzarik gabe, goi mailako jaialdia izanen da. Sarrerak salgai daude Aspe edo Baiko webguneetako karteldegiko loturetan.