Iruñeko Plazara! Elkarteak Alde Zaharrak aurrera eraman duen borroka sozialaren memoria omendu nahi izan du eta ekimen honen barruan Alvaro Mundiñano etxarriarraren 48 koadro erakusgai egon dira.
Alvarok txiki-txikitatik margotzen du. Garai haietan Joan XXIII.a aita santua hil zen, eta Alvarok haren irudia margotzen zuen lurrean, obretan bilatzen zituen klarionekin (igeltsu puskekin); beste batzuetan, Txano Gorritxu eta euriak ezabatzen zituen beste haur margo iragankorrak ere bai.
11 urterekin La Burundesa hartu eta amak Iruñera ekarri zuen fraideetara. Autobusetik jaitsita entzun zuen lehengo hitza hau izan zen: Vasco ser, orejas de burro tener, ir a la escuela y no aprender. Bi urtez, egunero, egun osoan, lelo bera errepikatzen zioten berari, bai eta noizbait Osasunako jokalaria izanen zen Etxeberria gazte goizuetarrari ere. Euskaraz hitz egiteko gogoa ere kendu nahi zieten.
Fraideetan ez zen oporrik. Gabonetan gurasoak bisitan etortzen zirenerako gela nagusia margoekin betetzen zuten, eta harrera-areto hartan 16 koadro bazeuden, 8 Alvarorenak ziren, ikasturte guztietako ikasleen lanen artean aukeratuak. Baina berak ez zion horri garrantzirik ematen, margotzen gozatzen zuen eta.
Gazte garaian, hormirudi handi bat egiteko eskatu zioten Mexikoko Coatzacoalcos herrian. Handik urte batzuetara, Lapurdin eta Yamaguchin ere bere margoak erakutsi zituen.
Etxera itzuli ondoren, Etxarrin jarri ditu gehien bere koadroak, Iturrin, Iturri-Ederren. Ia hilero aldatzen zituen, eta koadro asko izan zituen han denbora luzez. Lakuntzan erakusketa bat egin zuen, beste bat Altsasun. Arbizun ere, Karrika Tabernan.
Baina, sakandarraz gainera, Iruñeko Alde Zaharrekotzat ere jotzen du bere burua; izan ere, han oso ezaguna da eta denek Alvaro Etxarrikoa deitzen dute. Berak, Alde Zaharraren giro euskalduna sustatzen du, fraideetan esaten ziotena gaindituz, ez baitu inoiz ere, ez hemen, ez inon, erakusketa bakar bat egin izenburua euskaraz ez duenik, bera margolaria izateaz gain, euskaltzalea ere badelako.