Pilota

Ezkurdiaren eta Lasoren Altsasuko partidak ikusmin handia piztu du

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 8a, 14:00

Joseba Ezkurdia Galarragak Unai Laso Lizaso izango du aurkari gaur, ostirala, Altsasun, Lau eta Erdian. Ezkurdiak Lau eta Erdiko Txapelketa asko prestatu du,  eta Laso momentu oso onean iritsi da txapelketara

Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkako lehenengo jardunaldiko partida bat hartuko du gaur, ostirala, Burunda pilotalekuak (ETB1, 21:30ean). Pandemia hasi zenetik Altsasun jokatuko den lehenengo pilota jaialdi profesionala izanen da gaurkoa. Joseba Ezkurdiak Unai Laso izango du aurkari, katedran interes handia piztu duen partidan. Ezkurdia azken hiru urtetan bitan izan da Lau eta Erdiko txapelduna (2018 eta 2019), eta Laso aurreko asteburuko final zortzirenetan Peña II.a irabaztetik dator, udako denboraldi bikaina egin eta gero.

Bi pilotariak hautatutako materialarekin gustura geratu ziren eta “partida oso zaila” dutela aitortu zuten. Lasok aipatu zuen Ezkurdiak agian udan ez duela bere benetako maila eman, “baina txapelketetan eta Lau eta Erdikoan hazi egiten da”. Joseba altua denez, angelu itxiak bilatzen saiatuko dela gaineratu zuen Biskarretekoak, arbizuarra mugiarazteko. Ezkurdiak, bere aldetik, Laso “une oso onean, sasoi betean eta konfiantzarekin” dagoela uste du, eta argi du ezin diola eroso jokatzen utzi, “bestela pilotariak dantzan jartzen ditu”. Beraz, partida gogorra dago jokoan, urrea balio duen puntua.

Jaialdia zabaltzeko, Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxkan Zabalak Salaberria izango du aurkari, eta Ezkurdia eta Lasoren arteko lehiaren ondoren, Zabaletak Irribarriarekin osatuko du bikoa, Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra aritzeko. Goi mailako jaialdia, beraz Altsasun gozatuko dena.