Mendia

Mendizaleak Euskal Herriko erdigunera

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 8a, 11:26
2019ko martxa. ARTXIBOA

Igandean, 9:30ean Irañetako bordatik aterako dira mendizaleak, 11:00etan erdigunean lurraldetasunaren aldeko ekitaldia egiteko

Andiako Olibesario sakonune edo saroian dago Euskal Herriko erdigune geografikoa, Beriaindik nahiko hurbil, 1.236 metroko altueran. Azterketa baten ondoren finkatu zen hura dela Euskal Herriko erdigune geografikoa, 2004an. Pandemiagatik iazko etenaldia eta gero atzera ere Euskal Herriko Erdigunera Mendi Martxa berreskuratu dute Iratxo, Sakanako Mendizaleak eta Nafarroa Berriz Altxa taldeek, lurraldetasunaren aldarrikapena egiteko asmoz. Nafarroako Mendi Federazioa laguntzailea izango da. 

Igandean, urriaren 10ean abiatuko da mendi martxa, 9:30ean, Irañetako bordatik. Behin Olibesariora helduta, erdigunean hasiko da lurraldetasunaren aldeko ekitaldia, 11:00ak aldera. Eta bueltan pintxo potea izanen da Irañetako bordan. “Joan zen urtean pandemia dela eta ezin izan zen egin baina aurten indarrez hartu dugu Euskal Herriko erdigunera mendi martxa eta bereziki Sakanako jendea animatzen dugu parte hartzera, Euskal Herriko bihotzetik, gure lurraldetasuna aldarrikatzeko” azaldu dute antolatzaileek.