Aizkora

Goizeder Beltza Urrezko Aizkolarietan

Guaixe 2021ko urr. 8a, 10:00

Igandean Urrezko Aizkolarien kanporaketa jokatuko du Leitzan

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga – Eusko Label Saria jokoan da. Igandean bigarren kanporaketa hartuko du Leitzako Amazabal pilotalekuak, 12:00etan. Ondoko aizkolariak lehiatuko dira: Jokin Urretabizkaia “Basozabal”, Hodei Ezpeleta, Goizeder Beltza etxarriarra eta Oier Kañamares. Zazpi enbor erdibitu beharko dituzte hainbat modalitatetan. Lehendabiziko biak urriaren 17an Lizarran jokatuko den final handirako sailkatuko dira. 

Resano finalik gabe
Larunbata ez zen Iban Resano Igoaren eguna izan. Aizkolari dorrobarrak Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zuen Lekunberrin eta finalerako txartela lortu ahal izateko lehen bost postuetan sailkatzeko zuen asmoa bertan behera geratu zen. Resano ez zen batere fin ibili eta ezin izan zen finalerako postuetan sailkatu. Are gehiago, azkena sailkatu zen eta 1. maila galdu du. Datorren urtean 2. mailan lehiatu beharko da. 

Zortzi aizkolari lehiatu ziren: Iker Vicente, Jon Rekondo, Julen Kañamares, Eneko Saralegi, Iban Resano, Julen Olano, Asier Pellejero eta Joxean Etxeberria. Bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitzea izan zen lana. Iker Vicentek aldea hartu zuen hasieratik. Faborito nagusiak ez zuen huts egin eta lanak egiteko ia 14 minutu behar izan zituen (13:56). Bigarren postuagatik lehia estua izan zuten Saralegik eta Olanok. Azkenean Eneko Saralegik lortu zuen (16:36). Hirugarren Julen Olano sailkatu zen (16:46), laugarren Jon Rekondo (17:19), espero baino pixka bat justuxeago, eta bosgarren Joxean Etxeberria (17:37). Boskote honek jokatuko du azaroan, Donezteben, Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako final handia. 

Asier Pellejero seigarren izan zen Lekunberriko kanporaketan (17:40), Julen Kañamares zazpigarren (17:55) eta Iban Resano zortzigarren (19:16).