Pandemiagatik joan zen urtean ezin izan zen jokatu, baina Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak Onddo Lasterketa berreskuratu du eta zapatilak jantzi eta bertan parte hartzeko deia egin die sakandarrei. Urriaren 16an jokatuko da proba ez lehiakorra, larunbatarekin, eta Altsasuko inguruko paraje ederretan krosa eginez goiz ederra pasatzea da asmoa.
Onddo Lasterketa (7 km) Sakanako lasterketen artean proba herrikoiena da, ez baita lehiakorra. Azken edizioetan bezala, hiru proba ezberdin izanen dira. Lehenik eta behin, 10:30ean oinezko martxa abiatuko da. Ordu bat beranduago, 11:00etan, 41. Eskola Arteko Kroseko lasterketak jokatuko dira, kategoria ezberdinetan, eta 12:00etan hasiko da Onddo Lasterketa.
Izena ematea www.dantzalekusakana.com webgunean egin beharko da, urriaren 14a baino lehen. Gehienez 250 partaide onartuko dira, Onddo Lasterketako eta oinezko martxako partaideak batuta. Dortsala jasotzerakoan 5 euro ordaindu beharko dira, eta proba bukatzerakoan, partaide guztien artean 3 onddo saski zozketatuko dira.