Txirrindularitza

Aimar Tadeok garaipenarekin despeditu du denboraldia

Guaixe 2021ko urr. 12a, 11:00
Aimar Tadeo, Atarrabiako helmugan. UTZITAKOA

Sakana Group-Aralar taldeko junior lakuntzarrak kadeteen eta juniorren mailako II. Atarrabia Trofeoa irabazi zuen irailaren 3an

Txirrindulari juniorrek eta kadeteek irailaren 3an despeditu zuten 2021 denboraldia, II. Atarrabia Trofeoa lasterketan. 78 kilometroko lasterketa gorabeheratsuan mugimendu handia egon zen, eta tropela guztiz apurtu zen. Helmugara bi txirrindulari iritsi ziren batera, eta euren arteko esprintak erabaki zuen garailea. Azkenean, Aimar Tadeo lakuntzarra (Sakana Group-Aralar) gailendu zitzaion  (1:51:44) Ibai Azanzari (Beola Motor). Sergio Lopez (Quesos Albeniz-Burunda) hirugarren sartu zen, 12 segundora. Top Tenean beste bi sakandar sailkatu ziren. Martzel Etxeberria iturmendiarra (Sakana Group) laugarren iritsi zen, 33 segundora, eta Mikel Unzilla etxarriarra (Quesos Albeniz) hamargarren, 4:15era. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Unai Garro (Sakana Group) hamaikagarren izan zen, Iker Agudelo (Quesos Albeniz) hamalaugarren, Aitor Ondarra (Sakana Group) hemeretzigarren, Xabier Borrega (Quesos Albeniz) hogeigarren eta Manex Zufiaurre (Sakana Group) hogeitabatgarren. 
Taldeka Sakana Group-Aralar izan zen onena.