Astekaria

Urbasa, errekorrak apurtuz

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 12a, 13:30
Iker Palacios Urbasako igoerako lehendabiziko mangan, portuan gora.

Aspaldiko Urbasako Igoerarik jendetsuenean, Joseba Iraolak marka berria ezarri du: Zallakoak 3 minutu eta segundo batean igo zuen portua (3:01.52). Inoiz baino pilotu sakandar gehiagok parte hartu zuten, eta Iker Palacios lakuntzarra izan zen lehen sakandarra (3:36.195)

Sakana Motorsportek larunbatean antolatutako 39. Urbasako Igoera festa handia izango zela aurreikusten zen, baina Sakanako motor festak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Eguraldia primerakoa zen, pandemiagatik murrizketak bertan behera geratu ziren lehen asteburua zen, jendea gogotsu zegoen… guztia batuta, jendetza bildu zen Urbasako igoerako txoko eta zirrikitu guztietan. Eta espero baino askoz ere gehiago. Olaztin autoa aparkatzea zaila zen, eta antolakuntzatik aipatu zutenez, tarteka sarrerak ere agortu egin ziren. Gazte kuadrillak, familiak, motor zale beteranoak… Urbasako magalean guztiek izan zuten tokia, eta aspaldiko Urbasako igoerarik jendetsuena izan zen. 

Iraolaren erakustaldia
Eta halako festa giroaz girotuta, pilotuek ere bere onena eman zuten. Joseba Iraola (NP01) eta Gerard de la Casa (Ford Fiesta) ziren proba irabazteko faboritoak, eta Iraolak ez zuen hutsik egin. Zallako pilotuak ibilbideko 39 bihurgunetan hegan egin zuen eta Urbasako igoerako gaur eguneko ibilbideko errekorra apurtu zuen (3:01.528), Iñigo Martinezek 2004 urtean Formula kategorian ezarri zuen 3:02.110 errekorra ehuneneko batzuetan hobetuz. Iraolak 12 segundotan ondu zuen Urbasako bere marka (3:13.821, 2015 urtea). 

Zalantzarik gabe, Iraola eguneko protagonista nagusia izan zen. 23 segundo atera zizkion bigarren sailkatu zen Daniel Jimenezi (BRC B49), eta 23 segundo Arkaitz Ordokiri (NAC M20FC). Ehunenekoak asko balio duten kirol honetan, alde handia. Oso pozik zegoen pilotu bizkaitarra eta bere mekanikariak ere, eta ez da gutxiagorako. 

Gerard de la Casak eta Ford Fiesta bere auto ikusgarriak asistentzia guneko begirada asko bereganatu zituzten. Andorrako pilotu beterano ezagunak makina bat argazki egin zituen motor zaleekin. Urbasako pilotu mitikoenetako bat da. Urte luzez darama Urbasara etortzen, eta zale batek duela 40 urte berarekin argazki bat atera zuela gogoratu zion. De la Casa seigarren sailkatu zen sailkapen absolutuan edo scratchean (03:34.254), turismoen mailan lehena. Eta nabarmentzekoa izan zen Esteban Garcia Campijo pilotua (Porsche 911 Turbo, 4:19.727). Urbasako Igoeran bere 50. urteurrena bete zuen, eta pilotu asko hurbildu ziren bera agurtzera.  

Inoiz baino sakandar gehiago
Urbasako Igoera inoiz baino sakandarragoa izan zen. 12 pilotu sakandarrek lortu zuten proba despeditzea. Gogotsu aritu ziren, bakoitza bere kategorian eta mailan lehia polita eskainiz. Lehendabiziko sakandarra Iker Palacios izan zen (BRC B52). Sailkapen orokorrean edo scratchean 6. sailkatu zen  lakuntzarra (3:36.195). Bigarren sakandarra Iñigo Zelaia bakaikuarra izan zen (Speed Car GT1000, 3:41.787) eta hirugarrena Josu Berastegi urdiaindarra (Speed Car GT1000, 3:48.510). 

Bi urte lehiatu gabe egon eta gero, hainbat pilotu Urbasan itzuli ziren lasterketetara

Iker Palacios nahiko lasai zegoen asistentzia gunean, mekanikariak lanean zebiltzan bitartean. “Bi urte lehiatu gabe egon ondoren, errepidera bueltatzearekin, proba bukatzearekin eta autoa ez matxuratzearekin konforme geratuko nintzateke. Gustura ari gara, eta hori da garrantzitsuena” zioen Palaciosek azkeneko saioari ekin aurretik. “Sekulako jendetza dago goian. Esango nuke aspaldiko parteko igoerarik jendetsuena dela” gaineratu zuen. Iñigo Zelaia eta Josu Berastegi, aldiz, urduriago zebiltzan. Izan ere, lasterketa batean adrenalina goraino igotzen denean burua hotz mantentzea, ez da erraza. Josu Berastegik edizio honetarako prestatu zuen autoa, eta Iñigo Zelaia duela bi urteko Urbasako Igoeratik aritu gabe zegoen, autoa doitzen eta autoari tamaina hartzen. Bestalde, Delfin Goikoetxea pilotu iturmendiarrak prestatutako Alpine prototipoak ere arreta handia erakarri zuen. Hura ere duela bi urtetik aritu gabe zegoen, eta auto polita prestatu zuen. Asistentzia gune osoan mekanikari eta laguntzaileak gurpilak aldatu eta garbitzeko lanetan buru belarri zebiltzan. Izan ere, harrigarria da gurpil hauei itsasita gelditzen zaizkien harritxoak. 

Asistentzia guneko mugimendua
Bitartean, pilotu eta mekanikari guztiak agurtzen zebilen Garikoitz Flores. 2019ko Urbasako Igoerako txapeldunak aurten proba ikusle gisa jarraitu zuen. Irailaren 18an Aiako Igoeran errepidetik atera eta kolpea hartu zuen Floresek, eta autoa oso kaltetuta geratu zen. “Txasisa eta guzti aldatu behar zaio, eta ez dut astirik izan Urbasarako autoa prest izateko” aipatu zuen. Pilotu sakandarra Espainiako Igoeren Kopan murgilduta dago, eta ikusteko dago txapelketa behar bezala bukatzerik izango ote duen. 

Bestalde, Urbasa kaleko azken etxeko bajeraren parean zeuden gainontzeko pilotu sakandar gehienak. Mugimendu handia zegoen: Eneriz Besga, Arkaitz Irigoien, Iker Askargorta, Ander Gurmindo eta abar luzea. “Ongi doa proba, momentuz. Gustura gabiltza” zioen Besgak. Horren kontentu ez zegoena Iban Lopez de Goikoetxea (5 GT Turbo) zen. “Hots bat nabaritu dut, uste dut autoa ez dabilela ongi” azaldu zuen bigarren mangari ekin baino lehen. Eta, hain zuzen ere, olaztiarrak bigarren manga hori ezin izan zuen bukatu, palierrak apurtu baitzitzaizkion. 

Ikuskizun, abiadura, hots eta txalo zaparraden gune bilakatu zen Urbasa. Irteera gunean ikusle asko pilatu ziren, eta baita probako bihurgune guztietan ere. Beste behin, motorraren festa ederra izan zen. 

Balorazio ona
Sakana Motorsport taldeak igoeraren balorazio oso ona egin du. “Lasterketa azkar joan zen, bizi-bizi, eta matxuraren bat kenduta, ez zen aparteko geldialdirik ez arazorik egon. Ezta istripu larririk ere. Bestalde, jende asko hurbildu zen Urbasara. Sekulako giroa egon zen. Pozik gaude jendea ongi ibili zelako; lasterketa jarraitzeko ongi kokatu ziren, zehaztutako lekuetan, eta gehienek sortutako zaborra txukun-txukun jaso eta edukiontzietara hurbildu zuten. Egia esan, nahiko azkar egin zen garbiketa lana” aipatu du eskuderiako Raul “Patxu” Lopezek. 

Sakana Motorsport: "Pilotuen maila ezin hobea izan zen, eta ikusleen jarrera primerakoa"

Ez da ahaztu behar Urbasa-Andia natur parkea dela, eta segurtasuna bermatzearekin batera, guztia garbi uztea izaten da Sakana Motorsporten kezka nagusia, lortutako helburua. “Arrakasta itzela izan zuen probak. Pilotuen maila ezin hobea izan zen, eta ikusleen jarrera primerakoa. Urbasa natur parkea, ibilbidea eta herria garbi geratu zen. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu MX Urbasa zirkuituko kideei, errepide mozketa egiteagatik; Olaztiko eskolari. txartel salmenta egiteagatik; eta garbiketa egiteaz arduratu zen olaztiar taldeari ere. Baita Olaztiko Udalari, komisarioei, babesleei eta bertaratu ziren milaka zaleei” azaldu dute antolatzaileek.

Egunotan azken bilketa lanak eta kontu ixteak egiten ari dira Sakana Motorsport eskuderiakoak. 2022ko hitzordua zehaztuta dute: 2022ko urriaren 8an jokatuko da 40. Urbasako Igoera, data borobila izango duena. 


Sakandarrak Urbasako Igoeran
1. Joseba Iraola (NP01) 03:01.528
7. Iker Palacios (BRC B52) 03:36.195
10. Iñigo Zelaia (Speed Car GT1000) 03:40.735
14. Josu Berastegi (Speed Car GT1000) 03:48.510
20. Urko Berdud (Clio Sport) 03:54.105
22. Arkaitz Irigoien (Clio) 03:56.813
29. Eneriz Besga (Saxo VTS) 04:04.818
34. Delfin Goikoetxea (Promo Racing Proto Alpine) 04:08.714
36. Mikel Mendinueta (205 GTI) 04:10.205
39. Iker Askargorta (Astra) 04:13.952
40. Ander Gurmindo (Clio Sport) 04:14.944
43. Esteban Garcia (911 T) 04:19.727
52. Asier Lopez de Sabando (E30, FL) 04:32.313

*Erretiratuak: Iban Lopez de Goikoetxea (5 GT Turbo). 

Erlazionatuak