SKE Kluba, Sakanako nerabeen zain

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 14a, 14:00
Dani Echávarri eta Amaia Gerrikagoitia, SKE Klubaren azalpenak ematen.

DBHko 1. eta 2. mailako neska-mutilekin SKE Kluba (Sakana Kirol Eskualdea) sortuko du Mank-eko Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuak, lehiarik gabeko kirol jarduerak eginez, ezohiko kirolak probatu eta abenturak bizitzeko. Urriaren 18an hasiko da martxan

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuaren helburu nagusietako bat Sakana eskualde aktiboa bilakatzea da. Hau da, sakandarrak aktibo izatea, mugi daitezela eta ariketa fisikoa egunerokotasunean barnera dezatela, bizitza kalitate hobea izango dutelako. Pertsona aktiboz osatutako Sakana bizia nahi dute. Eta horretarako jarduera fisikorako eta kirolerako orientazio zerbitzua sortu du Mank-ek, eskualdeko osasun etxe, gizarte zerbitzu eta udalekin elkarlanean: Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzua. Zerbitzua dohainik da. 

Dani Echávarri Manjón da zerbitzuko kirol orientatzailea, eta ohiko kontsulta eta heldu eta 3. adinekoendako jarduerez gain, orain nerabeen SKE Kluba (Sakana Kirol Eskualdea) martxan jartzen ari da neska-mutiko sakandarrak ere aktiboak izan daitezen.  

Zer da SKE Kluba?
SKE (Sakana Kirol Eskualdea) Kluba Sakanako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei, hau da, 12 eta 13 urte dituzten neska-mutilei bideratutako taldea da. Klub honetan lehiarik gabeko kirola eta ariketa fisikoa egiteko aukera eman nahi zaie nerabeei, gaztetxoak lehiakortasunaz haragoko helburuak dituen talde baten barruan sentitu daitezen. Kirola eta jarduera fisikoa egiteko beste modu batzuk ezagutzearekin batera, ondo pasatzeko eta sasoian egoteko bidea eskaini nahi die SKE klubak nerabeei. 

“Adin honetan badaude kirola egiten duten eta egiten ez duten nerabeak. Gure klubera guztiak erakarri nahi ditugu; hau da, gure proiektua guztiei zuzendua dago. Kontua da askotan nerabeek egiten duten kirola kirol lehiakorra dela eta gurean lehiarik gabeko kirolak egingo dira” azpimarratu du Dani Echávarrik. Mota askotako kirolak egingo direla gaineratu du orientatzaileak, maiz aldatuko direnak monotono ez izateko. “Kirol asko landuko ditugu, baina beti lehiakortasunetik kanpo daudenak: mendi ibiliak, BTT edo mendiko txirrindularitza, korrika, igeriketa, eskalada, kalistenia edo indar ariketak, denetariko jolasak… Ongi pasatuko dugu. Aldi berean, ikasketek sortzen dien estresari aurre egiteko tresna ona izango da kluba, deskonektatzeko aukera paregabea” gaineratu du. 

Bi talde
SKE Klubean bi talde sortu nahi dira. Astelehenetan eta asteazkenetan bilduko litzateke bata, asteartetan eta ostegunetan bestea. “Ziurrenik 16:00etatik 17:00etara ariko gara egunero baina ordutegia ez dago itxita, moldatu daiteke. Izena ematen dutenen artean adostuko dugu” dio kirol orientatzaileak. Talde batek Arbizu izango du bilgune eta besteak Irurtzun. “Eguraldi ona egiten badu jarduerak kalean eginen dira baina eguraldi kaxkarra eginez gero indoor jarduerak egingo ditugu eta horretarako azpiegiturak behar dira. Horregatik hautatu ditugu Arbizu eta Irurtzun, kiroldegia dutelako eta, aldi berean, ingurune ederra” zehaztu du Echávarrik. Asmoa urriaren 18an hastea da, maiatza arte. 

Ikastetxeetako aurkezpena
Azken egunotan zenbait ikastetxeetan izan da Dani nerabeei SKE Kluba zer izanen den azaltzen. Zehazki, DBHko Altsasu Institutuan, Iñigo Aritza ikastolan, Sagrado Corazon ikastetxean, Andra Mari ikastolan eta Irurtzungo Atakondoa ikastetxean egon zen. Izan ere, zerbitzuak Sakana osoa hartzen du. “Nerabeekin hartu emana nahiko ona izan da, feed-back positiboa. Gustura ikusi ditut. Batzuk klubean izena eman dute eta egunotan askoz gehiago animatuko direla uste dut” azaldu du kirol orientatzaileak, itxaropentsu. “Orain da izena emateko unea. Kluba martxan hastea, hori da garrantzitsuena, eta gero nerabeen interesen arabera eskaintza moldatuko dugu, gurea zerbitzua malgua delako” nabarmendu du. 

Izena ematea, urriaren 18ra arte
SKE Klubean izena emateko Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzura jo behar dute nerabeek. “Instagramen kontu bat ireki dugu (sakanamank_kirolak), eta gaztetxoak hortik jar daitezke gurekin harremanetan. Bestalde, ohiko bideak daude, 608 697 550 telefonora deitu edo whatsappa bidali, edo aktibatu@sakana-mank.eus postara mezua idatzi” azaldu du Echávarrik. Urriaren 18an itxiko da epea.