Hilabete batzuk daramazkizu Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuko orientatzaile gisa. Zerbitzu anitza da zurea: kontsultak, Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuak gidatu, ariketa espezifikoko saioak egin, Etxean Bizi zerbitzua…
Momentuz guztia nahiko ongi doa. Jendea gustura dago nirekin eta ni ere beraiekin. Ezin naiz kexatu eta horrela jarraitzea espero dut.
Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuek harrera ona izan omen dute.
Bai, orain arte Ttipi-Ttapa paseoetan elkartzen da jende gehien. Urdiainen, Bakaikun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Arruazun, Uharte Arakilen eta Irurtzunen egiten ditugu. Herri batzuetan jende gehiago biltzen da, beste batzuetan gutxiago baina orokorrean oso ongi doaz paseoak.
Paseatzera ohituta dagoen jendea eta agian aspaldi ariketa fisikorik egin ez duen jendea hurbilduko zaizu. Nola orekatzen duzu?
Konplexua da. Beti dago maila fisiko hobea duen jendea edo maila kaxkarragoa duena, baina taldeak ahalik eta homogeneoenak izaten saiatzen gara. Guztien arteko amankomuneko puntu bat bilatzen dugu. Bakoitzak bere gorputza ezagutzen du eta ariketa fisikoko saioak egiten ditugunean badaki zenbat egin behar duen eta zein izan behar den bere intentsitatea. Baina paseatzerakoan amankomuneko gune bat bilatzen dugu.
Hortaz, aspaldi ariketa egin ez dutenak ariketa fisikoko taldeetan izena ematera animatuko ditugu?
Jakina. Beti dago bide bat, beti egin daiteke zerbait, eta gurera etortzera animatzen ditugu. Paseoetan beti joaten gara azkenekoaren martxan. Kirola egitea eta kirola sustatzea da helburua. Herri bakoitzean Ttipi-ttapa saio bat dugu baina helburua ez da egun bakar horrekin pertsona horien osasuna hobetzea; asmoa da pertsona horiek, bere kabuz, egun gehiagotan paseatzera joatea. Finean, autonomo bihurtzea.
Zerbitzuko kirol orientatzaile zarenetik, Sakanako txoko berri pilo bat ezagutuko dituzu.
Bai. Lehendik txoko asko ezagutzen nituen baina orain izugarri. Horretaz gain, Sakanako beste herrietako ohiturak eta kontuak ezagutu ditut, herri ezberdinen xarma. Eta hori oso ongi dago. Ni ere oso gustura nabil.
Ttipi-ttapa paseoetara gehienbat emakumeak doaz. Gizonei zer gertatzen zaie?
Ez dakit. Hori da gure handicap handienetako bat. Bere kabuz gurera etortzen direnen kasuan, hau da, autoderibatuta etortzen direnen kasuan, pertsonen ia %90 emakumeak dira. Aldiz, Osasun Etxeetako mediku eta erizainetatik deribatuta datozenen kasuan, erdia gizonak dira eta erdiak emakumeak. Aztertzeko gauza bat da. Agian tabuak egon daitezke.
Zer diote paseoan parte hartzen dutenek?
Ongi daudela, eta hobetu dutela. Hobe ikusten dutela haien burua eta eguneroko gauzak hobeto egiten dituztela.
Gero bizkotxoak ekartzen hasten badira, akabo gu!
(Kar, kar…) Hori ere garrantzitsua da, hona gustura etortzea. Lehenengo ariketa egiten bada, gero ongi dator bizkotxoa.
Paseoez gain, jarduera fisiko gidatua eskaintzen duzu zerbitzuan.
Entrenamendu pertsonalak dira, baina talde txikiekin. Hau da, ezagutzen dugun soinketaren antzekoa, baina pertsonalizatuagoa. Eta indarra lantzen duena. Ildo honetan, Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariarekin batera mezu bat zabaldu nahiko genuke: zein garrantzitsua den indarra lantzea. Hori diote ikerketa guztiek. Gure gaitasunak ez galtzeko indarra landu behar da. Oso garrantzitsua da sentadilla batzuk egitea, abdominal batzuk, flexioak... Jakina, pertsona bakoitzaren mailara egokituta. Ibiltzea ona dela oso barneratuta dago baina indarra landu behar dela ez dago hain barneratuta eta guk hemendik aurrera hori landu nahi dugu.
Jarduera fisiko saioetarako adin mugarik ba al dago?
Ez, adin guztiendako zabalik dago. Azken finean guztiok dugu ariketa fisikoa egitearen beharra. Hirugarren adineko pertsonena da perfila, indarra lantzea behar dutenena.
Horretaz gain, adin guztietako sakandarren kontsultak jasotzen dituzu, kirol fisikoa egiteko interesa nahi dutenenak.
Bai. Edozein pertsonak dei dezake, berdin du adina. Urdiainen, Bakaikun, Etxarri Aranatzen, Arbizun, Lakuntzan eta Uharte Arakilen kontsulta orduak ditut. Telefonoz deituta ordua zehaztuko genuke. Ildo honetan, kontsultetara joateko hainbat bide daude. Batetik, autoderibazioak hau da, interesatuak nirekin kontaktatzen duenean. Berarendako ariketa fisiko egokiena zein den aztertzen dugu, non egin dezakeen. Izan ere, udalek makina bat jarduera eskaintzen dituzte, eta norberari hobeto datorkiona aztertuko dugu. Bestetik, Osasun Zentroetatik egiten diren deribazioak daude. Hau da, medikuak edo erizainak paziente bat gurera deribatu dezake. Horrek pisu handia du, pertsona bati medikuak esaten badio ariketa fisikoa egin beharra duela, garrantzia gehiago emango diolako. Hirugarrenik, gizarte zerbitzuetatik datozen deribazioak daude.
Zer nolako kasuak dira?
Adibidez, etxetik atera ezin diren gaixoendako, menpekotasun larria dutenendako, programa berezi bat dugu Etxean Bizi izena duena. Ni euren etxeetara noa eta gaixoarekin ariketak egiten ditut. Aldi berean, zein ariketa egin daitezkeen erakusten diet gaixoari berari eta zaintzaileari, berak ere fisikoki zaindu beharra duelako. Etxean Bizi proiektuan parte hartzen dutenek asko hobetu dutela ziurtatu dezaket. Esaterako, paziente batek hasieran ezin zuen aulkitik jaiki ere egin eta bizpahiru astetan sentadillak egiten jarri nuen. Hobekuntza nabaria izan zuen eta bere bizitza aldatu da. Oso aberasgarria da.
Hausturak eta erorketak ekiditeko ikastaroa prestatu duzue.
Bai, Etxarri Aranazko osasun etxean eskaintzen dugu eta hemen hirugarren adinekoak etortzen dira, 80 urte inguruko pertsonak. Ariketa fisikoa egiten dugu, erorketen eta hausturen prebentzioa lantzeko.
Azkena, nerabeendako SKE Kluba.
Bai, nerabeak ere aktibo egotea nahi dugu.
Izan ere, hori da helburua, sakandar guztiak aktibo egotea.
Bai, eta zerbitzua Sakana guztira iristeko garrantzitsua iruditzen zaigu espezialista ezberdinen arteko elkarlana. Osasun Etxeak, Gizarte Zerbitzuak eta Udalak aipatu ditugu, baina Hezkuntzarekin ere lanean gaude, baita Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuarekin, Berdintasun Zerbitzuarekin eta Euskara Zerbitzuarekin. Mahai bat osatzen dugu guztiok, hilean behin elkartzen gara eta bertatik ateratzen da emaitza hau guztia.
Altsasura zabaltzea, erronka
Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzua Aranatz eskualdean hasi zen garatzen, hortik Irurtzun eskualde aldera zabaldu zen eta Altsasu eskualde aldera hedatu nahi da. “Zerbitzu hau osasun etxeekin, gizarte zerbitzuekin eta bestelakoekin lantzen dugu. Ttipi-ttapa paseoetara, ariketa fisiko espezifiko saioetara eta bestelakoetara jende asko osasun etxeetatik deribatuta etortzen da. Eta horretarako elkarlanean aritu behar dugu. Hasieran Etxarri Aranazko Osasun Etxearekin landu genuen programa, gero Irurtzun Osasun Etxearekin, eta Altsasuko Osasun Etxearekin lantzea da falta zaiguna. Ez da erraza, ez daudelako egoera onean. Baina pentsatzekoa da 2022 hasieran zerbitzua Altsasu gunera zabaltzeko lanetan hasiko garela. Hori da erronka” azaldu du Mank-eko Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak.
Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuko eskaintza
-Ttipi-ttapa paseo osasuntsuak: Urdiain (astelehenetan, 10:00etan), Bakaiku (asteartetan, 9:00etan), Irurtzun (ostegunetan, 9:00etan), Lakuntza (ostegunetan, 11:00etan), Etxarri Aranatz (ostegunetan, 16:00etan) eta Uharte Arakil (ostiraletan, 9:00etan).
-Jarduera fisiko gidatua: Lakuntza (asteazkenetan, 9:00etan, udaletxean), Arruazu (asteazkenetan, 10:00etan, plazan), Etxarri Aranatz (asteazkenetan, 11:00etan, Xaloken), Arbizu (ostegunetan, 13:00etan, kiroldegian) eta Irurtzun (ostiraletan, 13:00etan, osasun etxean).
-Etxean Bizi: Asteartetan, 11:00etan, etxe partikularretan.
-Hausturen prebentzio ikastaroa: Asteazkenetan, 16:00etan, Etxarri Aranazko osasun etxean.
-Kontsultak: Urdiain (astelehenetan, 11:00etan), Bakaiku (asteartetan, 10:00etan), Etxarri Aranatz (asteazkenetan, 12:00etan), Lakuntza (ostegunetan, 10:00etan), Arbizu (ostegunetan, 12:00etan, Arbizun), Uharte Arakil (ostiraletan, 10:00etan) eta Irurtzun (ostiraletan, 11:30ean).
*Oharra: ordutegiak malguak dira eta alda eta moldatu daitezke.