Irurtzunen energia lanketa Udalbiltzaren mintegian

Guaixe 2021ko urr. 13a, 10:28
Udalbiltzako kideak mintegiaren aurkezpenean.

Euskal Herrian energia komunitateen sorrera sustatzeko gakoak eta erronka nagusiak azaleratuko dituzte hainbat adituk eta hautetsik Udalbiltzak antolatuko dituen mintegian, tartean Irurtzungo alkateak. Azaroaren 13an izanen da, Hernaniko Orona fundazioaren egoitzan. Dagoeneko izena eman daiteke.

Euskal Herriko udalerrietan Energia burujabetza proiektuak sustatzeko helburuarekin, Udalbiltza Partzuergoak Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak mintegia antolatu du azaroaren 13an, Hernaniko Orona fundazioaren eraikinean. Hautetsiei, udal teknikariei eta norbanakoei zuzenduta dauden jardunaldietan, energia proiektuak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridikoak eta burokratikoak landuko dira.   

Mintegiak dagoeneko abian diren zenbait proiekturen erakusleihoak izanen dira, esaterako Hernaniko (Gipuzkoa) eta Urarteko (Araba) energia komunitateak, Irurtzungo (Nafarroa) energia lanketa eta Hergaraiko (Nafarroa Beherea) Sugarai biomasa kooperatiba. Hitzorduko hitzaldi nagusiak Greziako esperientzia aztertuko du, Electra Energy Renewables kooperatibaren eskutik. Izan ere, herrialde heleniarra aitzindaria izan da Europan, energia komunitateak arautzen lehenak izan baitziren 2018an, besteak beste, autokontsumoa sustatzeko eta energia pobreziari aurre egiteko.

Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: “Hamarkada hau gakoa izango da ezinbestekoa den eraldaketa energetikorako bidean, eta beharrezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea”. Horretaz aparte, “energia jendearendako ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa” dela adierazi du. “Esperientzia horietatik ikasi, berraldatu, sortu, jakintza partekatu, gogoetak elkartrukatu eta gure herrietan antzeko esperientzia berriak martxan jartzeko” balioko du mintegi honek, bere hitzetan.

Egitaraua

  • 09:30 Ongietorria, Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea.

  • 09:40 Harrera hitzaldia Jabi Asurmendi, Udalbiltzako lehendakaria.

  • 09:50 Kontzeptu nagusiak argituz, Xabier Zubialde ingeniaria eta energia berriztagarrietan aditua.

  • 10:20 Mahai ingurua: Energia Berriztagarrien proiektuak. Erronkak eta gakoak. 
    Moderatzailea: Mirari Antxustegi, kimika ingeniaria eta ingurumen ingeniaria; EHUko irakaslea 
    Hizlariak: 
    Urarte Kontzejuaren Energia komunitatea Iñaki Valles (lehendakaria). 

    Hernaniko energia komunitatea: Mattin Aldaia (Hernaniko hautetsia). 

    Irurtzungo energia lanketa:
 Aitor Larraza (Irurtzungo alkatea)
.
    Sugarai kooperatiba, biomasa ekimen bat: Peio Harlouchet (lehendakarikidea). 


  • 11:20 Greziako egoera: Energia Komunitateen legea eta bere ondorioak. Miriam Rodriguez eta Ignacio Navarro, Electra Energy Renewables Cooperative-ko lehendakaria eta proiektu-burua.
  • 12:00 Atsedenaldia.
  • 12:40 Nondik abiatu udal energia proiektu komunitario eta burujabe bat eraikitzen? Erronka burokratikoak. Alazne Arruti eta Iban Lizarralde, Goiener eta I-Enerreko kideak.

  • 13:10 Energia proiektuen finantzazioa. Goiener eta I-Ener.

  • 13:50 Mahai ingurua: Etorkizunari begira, zer? Energia komunitateen erronka nagusiak. 
    Moderatzailea: Mirari Antxustegi, kimika ingeniaria eta ingurumen ingeniaria; EHUko irakaslea 
    Hizlariak: 
    Aitor Urresti
 EHUko irakaslea eta ingeniaritza industrialean doktorea.
    Maitane Arri, Ekologistak Martxan. 
    Idoia Zulet, Arankoa abokatuak.