2021-2027 Sakanako Estrategia Plana

Sakanan lan eta bizitzeko, estrategia plana

Guaixe 2021ko urr. 12a, 14:35

Talde motorreko kideak. MANK

Ibarreko aurreneko estrategia planaren epea bukatu ondoren, bigarrena egiteko lanketa hasi da. Plana egiteko lanketa irailean hasi da eta garagarrilean bukatuko da. Lana hiru fasetan banatuko da: aurrekoaren ebaluazioa, egungo diagnostikoa eta etorkizunerako proiekzioak eta estrategia plangintza. Parte hartzera gonbidatu dute.

Finantza arloak 2008an eragindako krisialdiak ibarreko hainbat enpresa ixtea eta makina bat lanpostu suntsitzea ekarri zuen. Ekaitz betean Sakanako Estrategia Planerako oinarriak landu eta adostu ziren. Haren indarraldia 2014 eta 2020 urteen artekoa izan da. Hurrengo sei urtetarako bide orria zehazteko garaia iritsi da, 2021-2027 Sakanako Estrategia Plana egiteko garaia. Orain dela hamarkada bateko leloak laburbiltzen du helburua: Sakanan bizi eta lan. 

Plana berritzearen sustatzailea Sakanako Garapen Agentzia da, baina talde eragilea Sakanako Mankomunitateak, Sakanako Enpresarien Elkarteak eta Cederna-Garalurrek osatzen dute. Helburua lortzeko plan berriak bi ardatz izanen ditu: batetik, lan mundua eta ekonomia jarduera eta, bestetik, gizarte ikuspegia. Lehendabiziko planarekin gertatu zen bezala, bigarren Sakanako Estrategia Planak “dokumentu adostua eta parte-hartzailea izan nahi du, inplikatutako eragile guztientzat etorkizuneko gida gisa balioko duena. Prozesu honek adostutako helburuak lortzeko egin beharreko proiektuak eta jarduerak zehazteko aukera emango digu”, azaldu du Sakanako Garapen Agentziako gerente Iker Manterola Matxainek.

Egutegia
Plana berritzeko aurreneko pausoak irailean ematen hasi ziren erakundeak. Utzuganek, Sakanako Garapenerako Zentroak, plan berria garatuko duten erakundeetako kideen bilera hartu zuen asteazkenean. Bileran izan ziren aipatu lau erakundeetako ordezkariez aparte Bidelagun turismo elkarteko, Belardi ekoizleen elkarteko, Guaixe fundazioko eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko kideak ere. 

Plana egiteko garagarrilera arteko epea aurreikusi dute. Ordura arteko bederatzi hilabeteetan hiru fase pasako dituzte. Lehenik, aurreko estrategia planaren ebaluazioa eginen da. Ondoren, ibarraren egungo diagnostikoa eta etorkizunerako proiekzioak eginen dituzte. Horretarako, informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa bildu eta aztertu dute. Azken pausoa plangintza estrategikoa ontzea izanen da. Hau da, lortu beharreko agertokiaren diseinua eta hori lortzeko behar diren estrategiak zehaztea. Manterolak esan duenez, “abenduan ebaluazioa eta diagnostikoa faseak despedituko ditugu”.

Sakanako lehen estrategia plana egiteko ezinbestekoa izan zen ibarreko eragileen arteko ezagutza eta elkarlana. Horri segida eman nahi dio talde eragileak. “Parte mhartzea funtsezko elementua da Plan Estrategikoaren diseinuan”, baieztatu du Manterolak. Eta sakandarren parte hartzea sustatzeko sei lantalde sortuko dituzte: industria, energia, elikadura, turismoa, merkataritza eta tokiko administrazioa. Bestalde, sakandarren ekarpenak jasotzeko bideak ere jarriko dituztela jakinarazi du. Horregatik, “guztien onerako delako”, sakandarrei plana egiten laguntzera gonbidatu ditu.