Astekaria

"Mihia, laba bezala, gogortu eta, gero ez da mugitzen"

Guaixe 2021ko urr. 21a, 13:30

Aitor Irigoien Irigoien.

Horregatik ikasitako edo dakigun euskara hitz egitea garrantzitsua da, zenbat eta mugimendu handiagoa izan mihiak orduan eta errazago hitz eginen delako. Horretan laguntzen du Mintzakidek.

Euskara praktikatu nahi duten sakandarrek Mintzakide programan izena emateko aukera zabalik dute. Astean behin ordu bateko konpromisoa besterik ez da hartu behar. Mintzakide programako arduradun Aitor Irigoien Irigoiene eman ditu azalpenak. 

Non ateratzen da goroldioa? 
Hezetasuna dagoen lekuan. Materia organikoa behar dugu. Eta oinarri, ongarri bat behar du. 

Geroz, mihian ere sortu daiteke goroldioa? 
Jakina. 

Geldi egonda, geroan eta goroldio gehiago hartuko du?
Gauza da norbait pasatzea eta hori dena mugitzea. Eta mugitzeko zer egin behar da? Norbait ibili atzetik edo norberak mugitu. 

Horrek esan nahi du mihia dantzatzea, hizketan hastea. 
Gure kasuan bai, behar dugu mihia pixka bat mugitu, eta ez gogortu. 

Zergatik da hain garrantzitsua mihia ez gogortzea?
Hori da Palmako laba bezala: itsasora iristen da, gogortzen da eta ez da mugitzen. Mihia gogortzen bada, gero berriz arrankatzeko zail xamarra.  

Geroz, komeni da euskara mihian ibiltzea, arrankatzeko zailtasunik ez izateko. 
Ez baduzu praktikan jartzen hizkuntza herdoildu, gogortu egiten da. Gero berriz hasteak, gainera, ematen dizu pereza. Eta ez zara hasten. Orduan, ikasi hala praktikatu behar da. Hori da beti euskaltegiko ikasleei esaten dieguna. Eta gutxitan egiten dute. 

Jakindakoa berreskuratzeko, memoria bizitzeko, mihia dantzatzeko, hizketaldi batzuk ongi etorriak, ezta?
Jakina. Hau ez da bakarrik euskara ikasten ari direnendako zerbait. Hau da euskaraz dakiten guztiendako zerbait. Bere garaian ikasi dutenendako, euskaldun zaharrak, praktikatu edo euskarari modu honetara lagundu nahi dutenendako: jendearekin inguratu eta euskaraz hitz egitea. 

Horretarako da Mintzakide. Zer egiten da?
Hainbat motatako taldeak daude. Sakanan kafe bat edo pote bat hartzera elkartzen dira, ordu bat edo bi egoten dira. Normalean astean behin. Egoten dira euskaraz hizketan. Mintzakideek bidelagun bat izaten dute. Batzuk paseatzera joaten dira. Beste batzuk kirola egitera. Edozein aitzakiak balio du Mintzakide taldea sortzeko: filma ikusi eta ondoren hartaz hitz egin, erakusketa bat ikustera joan eta… Edozerk balio du. Helburua da beraiek gustura dauden moduren batean euskara praktikatzea. 

Mintzakideak eta bidelagunak aipatu dituzu. Zer dira?
Bidelagunak dira euskara oso ondo hitz egiten dutenak. Haiek dira taldearen martxa daramatenak, “arduradunak”. Biltzen direnean, esaterako, momentu batean taldea isilik gelditzen bada, bera da besteei pixka bat tiratzen diena. Mintzakideak dira euskara praktikatu nahi dutenak, edo praktikatu beharra dutenak. 

Sakanan taldeak dagoeneko sortu dira? 
Aurreko ikasturtetik heldu diren taldeak dira, zortzi talde aktibatu dira. Badaude sortzeko bidean daudenak Lakuntzan, Iturmendin eta Urdiainen. Aurtengo nire helburua izanen litzateke pandemia aurreko martxa hartzea. Ea nola ateratzen den. 

Euskara praktikatzeko interesa daukan sakandarrak zer egin behar du? 
Edozein herritan, nahi den lekuan bildu daiteke. Horretarako 600 482 024 telefono zenbakira hots egin edo Whatsapp mezua bidali besterik ez da egin behar. Izen ematea dohainik da. 

Mintzakidek berritasunik badu aurten?
Aurtengo berrikuntza euskara praktikatzeko mendi talde bat sortu dela. Hasierako ideia da hilabetean behin elkartzea. Izanen lirateke ibilbide errazak, sasoi guztiendako. Zailak behintzat ez. Hor elkartuko den jendea naturaren gozamenaz euskara praktikatzera. Aurreneko irteera hilaren 31n, igandean, izanen da Etxarri Aranatzen. 

Bakarren batek hots egin du interesa azalduz. Zein pauso ematen dituzue zuek? 
Pertsona hori bidelagun izateko prest egonen balitz, nire lana izanen litzateke mintzakideak bilatzea. Horretarako sare sozialak eta betiko kartelak erabiliko nituzke. Herri horretan eginen litzateke publizitatea. Ahaleginduko nintzen bertako jendea lotzen. Inguruko herrietako jendea ere joan daiteke. Mundu guztia da ongi etorria. Ongi etortzen bazaio ordua eta lekua, joan daiteke. 

Heldu den urtean Euskaraldia izanen da. Aitzakia polita izan daiteke bakarren batek izena eman eta gero Belarriprest izateko. 
Aitzakia oso ona izan daiteke ondoren Euskaraldian beste modu batean aktibatzeko jendea. Mintzakiden izena emanda urte bateko epea duzu ohitura hori hartzeko eta Euskaraldia iristen denerako martxa hartuta izanen duzu eta jendeari ez zaio hain arraro eginen. 

Oraingoz dauden Mintzakide taldeak
Herria Eguna Ordua Tokia
Irurtzun Asteartea 18:00 Iratxo
  Ostirala 19:00 Pikuxar
  Zehazteko Zehazteko Zehazteko
Arbizu Zehazteko Zehazteko Zehazteko
Altsasu Astelehena 16:00 Koxka
  Osteguna (bi astea behin. Euskalkia praktikatzeko) 20:00 Lezea
  Ostirala 09:00 Kaixo
Ziordia Osteguna 16:00 Liburutegia