Udan gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera eta abuztu hasieratik Lau eta Erdia behar bezala prestatzen hasi zen arbizuarra. Lanean buru-belarri aritu da, konfiantza berreskuratu du eta gorputza landu eta findu du. Bospasei kilo gutxiago, baina txispa berbera edo agian gehiago du aurrelari arbizuarrak.
Ostiralean final laurdenetako ligaxkako lehenengo jardunaldia jokatu zuen Ezkurdiak aurtengo udako sentsazioetako bat izan den Unai Lasoren kontra. Sekulako giroa zegoen Altsasuko Burunda pilotalekuan –540 ikusle– eta partidak katedran piztutako ikusmina handia zen. Dirua parera atera zen, agian Lasoren aldeko tendentziarekin, eta nahiz eta Burundako gehiengoa Joseba Ezkurdiaren alde egon, Unai Lasok ere bere aldeko jarraitzaileak izan zituen.
Partida hasiera ikusgarria izan zen. Pilotakada azkarrak, erritmo handia eta joko erasokorra. Pilotazaleak berehala jabetu ziren ez zela edonolako partida izango, tentsio handikoa baizik. Lehen tanto ederra egin zuen Ezkurdiak; pilotari sekulako abiadura eman zion, eta horrek jokoz kanpo utzi zuen Laso. Bigarren tantoa ere arbizuarraren aldera erori zen. Unai Laso erasokor aritu zen, Ezkurdia sorpresaz hartu nahian, eta bina berdintzea lortu zuen, baina gero arbizuarrak alde polita hartu zuen, 8 eta 3. Tanto bikainak egin zituen Ezkurdiak, bolea ikusgarriak tarteko, eta Lasok defentsan aritu behar izan zuen, arbizuarraren abiadurari ezin segi.
Baina une horretan iritsi zen Lasoren loraldietako bat. Zabalera botatako pilota bati, gantxo bati eta bi pareta bati esker 8 eta 6 hurbildu zitzaion Ezkurdiari, baina hurrengo dejada txapara joan zitzaion eta Ezkurdiaren erantzuna iritsi zen segidan: 10 tantoko partzialari esker, 18 eta 6 aurreratu zen arbizuarra. Ikusgarri aritu zen, sakez min asko egin zuen –guztira sei egin zituen–, eta pilota min gehien egin zuen tokian jarri zuen. Ezkurdia Lasoren gainetik pasa zen. Lasok bi tanto egin zituen eta partidari emozio pixka bat jarri zion, baina Ezkurdiak berera jarraitu zuen, nerbioei bikain eutsi zien eta, azkenean, merezimendu osoz 22 eta 9 irabazi zuen, urrezko puntua lortuz.
Hurrengo aurkaria, Urrutikoetxea edo Jaka
Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako 2. jardunaldian Joseba Ezkurdiak gaur, astelehenean jokatuko den partidako irabazlea izanen du aurkari, Urrutikoetxea edo Laso. Urrutikoetxeak irabaziz gero, Ezkurdiak larunbatean bere kontra jokatuko zuen Labriten, eta Jakak irabaziz gero, Ezkurdiak bere kontra jokatuko luke datorren astelehenean, urriaren 18an, Tolosako Beotibarren.