Nafarroako 19 toki erakundek, Sakanako Mankomunitatea barne, toki administrazioetan euskara teknikarien kontratazio zerrenda osatzeko deialdia egin dute. Erakunde horiek aurretik ere badute halako kontratazio zerrenda bat, baina deialdi berriaren bidez, hura osatu eginen dute. Beraz, “dagoeneko indarrean dagoen zerrendako azkenari hots egin ondoren, deialdi berriarekin sortzen den zerrendako lehen pertsonari deituko zaio”
Deialdian parte hartu nahi duten izangaiek mezu elektronikoa bidaliko dute helbide honetara: euskara.atarrabia@villava.es. Mezuan jakinarazi beharko dituzte: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, telefono mugikorraren zenbakia eta jakinarazpenetarako erabili behar den helbide elektronikoa. Epea ostegunean bukatzen da. Heldu den astelehenean www.villava.es webgunean argitaratuko dira izangai onartuen zerrenda eta lehenengo proba egiteko data, ordua eta lekua.
Egin berri den deialditik eratorritako kontratazio zerrendaren indarraldia alkatetzaren ebazpenaren bidez onartzen den egunean hasiko da, eta aurreko zerrendarekin batera despedituko da. Lanpostuek B mailako lansaria izanen dute, eta lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, horretaz aparte, administrazio organo eskudunak noiznahi aldatu ahalko du.