Asteburuan jokatu zen Manuel Iradier mendi klubak antolatutako mendi lasterketa klasikoa: Hiru Haundiak 2021, 101 kilometroko eta 5.100 metroko desnibel positiboko ultra trail ezagun eta gogorra. Lasterketa ostiral gauean abiatu zen Murgiatik, eta Araia zuen helmuga, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak gainditu eta gero. Guztira 638 korrikalarik lortu zuten Araiara heltzea, eta podiumean sakandar bat zegoen, ekainetik Arbizun bizi den Ander Erice Tornaria, Sakana Bizirik taldeko kidea.
Julen Martinez de Estibariz Perez de Villarrealek lasterketa bikaina egin zuen eta oso ongi jakin zuen distantziak eta indarrak neurtzen. Bakar bakarrik iritsi zen Araiako helmugara (11:13:30). Bigarren Aser Arza Hernandez izan zen, 23 minutura (11:36:14), eta hirugarren Ander Erice Tornaria (11:44:28), ordu erdira. Erice bikain dabil ultra trail lasterketetan: BUTS Ultra Basque Trilen bigarren sailkatu zen eta Hiru Haundietan hirugarren izan da.
Baina probako protagonista Maite Maiora izan zen. Azpeitiarrak sekulako lasterketa egin zuen. Sailkapen absolutuan bosgarren sailkatu zen –podiumagatik ere borrokatu zuen–, eta probako lehen emakumea izateaz gain, errekor berria ezarri zuen (12:09:39). Maiorak ordu erdian hobetu zuen 2014an Silvia Triguerosek ezarritako errekorra (12:48:27). Ikusgarria izan zen.