Gurasoendako on-line Era eskola

Guaixe 2021ko urr. 13a, 10:04

Intza Alkainen saioaren grabazioa. ERA.EUS

Paula Kasares, Yolanda Olasagarre eta Intza Alkain adituek hizketa gai izanen dituzte: familian euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak, familiaren eta eskolaren arteko sinergiak eta haurrak irakurzaletzeko moduak.

Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatearena barne, eta Euskarabideak Era eskolaren II. Edizioa antolatu dute. Euskarazko ereduan eskolatutako haurren familiei prestakuntza eta baliabideak eskaintzen dizkien gurasoen online eskola da Era. Familiak beren haurren euskara ikasteko prozesuan duten egitekoaz sentsibilizatzeko, eta gurasoei horretarako laguntza baliabideak emateko sortu zen eskola. Era on line eskolak eskaintzen duen prestakuntza programak www.era.eus atarian dagoen informazioa osatzen du. 

Saioak lastaileko lehendabiziko hiru asteazkenetan dira, eta bakoitzean hizlari bat izanen da. Horien artean dago Yolanda Olasagarre arbizuarra. Guztiak www.era.eus webgunearen YouTube kanalaren bidez emitituko dira, eta han geldituko dira ikusgai. Hizlari bakoitzak hiru azpigai landuko ditu, 10 minutuko hiru lanketa eginez, saioa osatzeko. Saio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, aldi berean baina eduki egokitua izanen dute ikuslea euskalduna izan ala ez. Ikusleek kontsultarik egin nahiko balute, YouTube kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egin ditzakete eta saioaren hurrengo egunetan erantzunen da, iruzkinean bertan.

Programa
Lastailak 6, asteazkena 
Familia euskaldunetan euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak.
Hizlaria: Paula Kasares. Landuko diren gaiak eta emisio ordua:
17:00etan Euskararen transmisioa: mitotik errealitatera.
17:10ean Zergatik da garrantzitsua euskararen arloan guraso aktiboa izatea?
17:20ean Familiaren esku dagoena: motibazioa eta erabiltzeko aukerak.

Lastailak 13, asteazkena 
Familia eta eskola norabide berean eta sintonia berean
Hizlaria: Yolanda Olasagarre. Landuko diren gaiak eta emisio ordua:
17:00etan Bakoitzak berea, denon artean dena.
17:10ean Zergatik sustatu ahozko gaitasuna eta motibazioa familian.
17:20ean Nola egin ahozko gaitasuna eta motibazioa familian aberasteko.

Lastailak 20, asteazkena 
Haurrak euskarazko irakurketara zaletzeko gako eta dinamikak familientzat
Hizlaria: Intza Alkain. Landuko diren gaiak eta emisio ordua:
17:00etan Zer da irakurketa zaletasuna? Zaletasunaren eta gaitasunaren arteko aldeak.
17:10ean Nola zaletu euskarazko irakurketara? 5 gako etxetik eragiteko.
17:20ean Irakurzaletzeko euskarazko liburuak eta baliabideak.

Hizlariak
Paula Kasares. 
Euskal Filologian nahiz Antropologian graduduna eta Soziolinguistikan doktorea da. NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailean irakasle dihardu. Haurren hizkuntza sozializazioaren eta familien hizkuntza politikaren arloetan ikertzailea. Hiru libururen eta hainbat artikulu zientifikoren egilea da.

Yolanda Olasagarre.
Irakasleen prestatzailea da, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, Hezkuntza Departamentuan. Ikasleen euskarazko ahozko komunikazio gaitasunaren eta motibazioaren didaktikan aditua.

Intza Alkain. 
Haur Hezkuntzan graduatua EHUn eta Haur eta Gazte Literaturan espezializatua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Egun, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkartearen Irakurzaletasuna sustatzeko Lantegietako dinamizatzailea da eta Liburu Gaztea eta Booktuberboom proiektuak kudeatzen ditu.