Gizonezkoen hirugarren mailan, asteburukoa ez zen jardunaldi ona izan gure taldeendako.
Aralar Mendik Orkoiengo Kirol Sport taldea hartu zuen larunbatean Larrabieta pilotalekuan. Bi taldeek partida oso lehiatua eskaini zuten, alternantziez, golez eta jokaldi ederrez josia. Kirol Sport izan zen markagailuan aurreratu zena, baina Jorge Mariñelarenak eta Issa El Akkarik 2 eta 1 aurreratu zuten Aralar Mendi.
28. minutua zoramenekoa izan zen. Kirol Sportek bina berdindu zuen, penaltiz, baina minutu berdinean Antton Lasak 3 eta 2 aurreratu zuen etxeko taldea. Tamalez, hurrengo minutuan, 29. minutuan, hiruna berdindu zuen Antsoaingo taldeak. Erotzeko modukoa. Partida bukatzear zela laugarren gola sartu zuen Kirol Sportek, garaipenarena, eta, zoritxarrez, 3 puntuak Uharte Arakildik Orkoienera joan ziren, 3 eta 4 gailendu baitzen Kirol Sport.
Xotak Gazte Berriak Antsoain taldea hartu zuen Irurtzunen. Kasu honetan ere, kanpoko taldea aurreratu zen, laugarren minutuan, baina bost minutu beranduago bana berdindu zuen Xotako Adrian Aiesak. Partidak aurrera jarraitu zuen eta aukera garbiak izan zituzten bi taldeek. 30. minutuan Gazte Berriak taldeak Xotaren atea zulatu zuen, bigarrenez, eta hiru puntuak Antsoainera joan ziren.
Sakandarrak Erriberara
Sailkapenean Mateo Muñoz Ribera de Navarra talde tuterarra da liderra (9 puntu). Aralar Mendi seigarren postuan dago (4 puntu) eta Xota hamabigarrenean, punturik gabe. Hain zuzen ere, Aralar Mendik Tuteran jokatuko du larunbatean, 15:45ean, Mateo Muñoz Ribera de Navarra liderraren kontra. Uhartearrek partida zaila dute aurretik. Xotak ere Erriberako bidea hartuko du, larunbatean, 17:30ean Garbayo Chivite Cintruenigo taldea izango baitu aurkari.