Pilota

Ezkurdia Urrutikoetxearen kontra, betiko Labriten

Guaixe 2021ko urr. 15a, 12:00

Lau eta Erdiko ligaxkako bigarren jardunaldiko partida bihar, larunbata, jokatuko da, eta jaialdi berean Promozioko Lau eta Erdian Joanes Bakaikoak Zabala izango du aurkari. Betiko Labrit bueltan dago

Aurreko ostiralean Altsasuko Burunda pilotalekuan ikuskizuna eman eta Unai Laso bederatzi tantotan utzi eta gero, Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Joseba Ezkurdiak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari. Partida larunbatean jokatuko da, Labriten (17:30, ETB1), eta nahiz eta katedrak Ezkurdia faborito ikusi, Urrutikoetxea ez da edonolako arerioa izango. Biak irabaztetik datoz, eta lehia ikusgarria espero da. 

Ez lehia bakarrik, Labriteko ohiko giroa ere bikaina izango dela aurreikusten da. Pandemia aurretiko giroa. Izan ere, murrizketarik gabeko lehenengo jaialdia izango da Labriten. Taberna zabalik egongo da, aforoa osoa, eta pilota zaleak Bombonera betetzeko desiotan daude. Ohiko larunbat arratsaldeko Labriteko plana bueltan da. 

Labriten aritzeagatik, gustura
“Labriten jokatu nahi dut oso gustura sentitzen naizelako eta gustuko dudalako. Ziurrenik sekulako giroa egongo dela” azaldu zuen Ezkurdiak asteazkeneko material aukeraketan. Arbizuarra oso pozik dago ikusleak kantxara itzuli direlako. “Gozamen hutsa da” nabarmendu zuen. Iritzi berekoa zen Urrutikoetxea. “Ikuslerik gabe jokatzea oso tristea zen, pilotariak zaleen hotsa eskertzen du, motibatzen diolako” gaineratu zuen. 

Partida gogorra espero dute biek. “Guztiok dakigu Joseba Ezkurdiak Lau eta Erdian nola jokatzen duen. Sasoi bikainean dago” esan zuen Urrutikoetxeak. Arbizuarra ez zen bizkaitarraz fio, eta Urrutikoetxeari “oso ongi” ikusten diola nabarmendu zuen Ezkurdiak. 

Ondoren, Joanes Bakaikoa
Ezkurdiaren eta Urrutikoetxearen partidaren ostean Promozioko Lau eta Erdiko partida jokatuko da eta bertan Joanes Bakaikoa etxarriarrak Zabala izango du aurkari. Ligaxkako lehen jardunaldian Aitor Elordi 5 tantotan uztetik iritsiko da Bakaikoa, gogotsu.