Sakanako Mankomunitateak antolatzen du Sakanako Bizikleta Eguna, Barranka, Burunda eta Aralar txirrindularitza taldeen laguntzarekin eta hainbat entitate eta babesleen laguntzarekin. Aurten 27. edizioa du, eta kirola eginez bizikleta gainean egun ederra pasatzea da asmoa. Sakanako Bizikleta Eguna egun polita izaten da, parte hartze handia duena, eta aurten ere horrela izanen da. “360 pertsonek eman dute izena, eta kontentu gaude, ekimenak harrera bikaina izan duelako” azaldu du Mank-eko kirol teknikaria den Amaia Gerrikagoitiak.
Izena eman dutenak 9:00etan aterako dira Irurtzundik, baina autobusa 7:45ean abiatuko da Ziordiatik Irurtzunera bidean, herriz herri izena eman duten partaideak eta euren bizikletak jasotzeko. Ibilbide osoan zehar bizikleta eta kamioia atzean joango dira, norbaitek martxa utzi nahi badu haiek jasotzeko. Goizeko 11:00ak pasa aldera Lakuntzan geldialdia egingo dute, hamaiketakorako, eta antolakuntzak freskagarriren bat banatuko die txirrindulariei eta behin martxan jarri eta gero, Altsasura 13:00ak pasa iritsiko direla aurreikusten da.