Sakana Pumori 2001 izena zuen 10 euskaldunez osatutako mendi espedizioak, eta bertako kide ziren Aritz Artieda Larraza etxarriarra eta Javier Arkauz Rincón lakuntzarra. Himalaiako Pumori zazpi milakoa (7.161 m), “Mendiaren alaba”, igotzea zen euren ametsa. Eta hain justu ametsa gauzatzen ari zirela, zoritxarra gurutzatu eta elur-jauzi baten ondorioz Pumoriko bidean geratu ziren espedizioko bost kide: Cesar Nieto, Beñat Arrue, Iñaki Aiertza eta Aritz eta Javi. Euskal mendizaleen mendi istripurik larriena izan zen.
Urriaren 17an, igandean, 20 urte beteko dira. 20 urte asko dira, edo agian ez hainbeste. Urte hauetan bide luzea egin dute familiek, eta maitasunez gogoratzen dituzte euren senitartekoak. Hala azaldu dute Idoia Artieda Larrazak eta Estibaliz Arkauz Rinconek. Gertatutakoari aurre egiteko egindako bide gogorraz aritu dira, barren-barrenetik.
ARTIEDA-LARRAZATARRAK, HISTORIA ERREPIKATZEN DA
Etxarri Aranazko Artieda-Larraza familia mendizalea izan da betidanik. “Gurasoak Udaberri elkartekoak ziren, eta gu txiki-txikiak ginenetik eramaten gintuzten mendira. Aitak bazeukan bizkarrean jartzeko aulki deseroso bat, burnizkoa, sekulako pisua zuena, eta han joaten zen txikiena, aulkitxoan” gogoratu du Idoia Artieda Larrazak. Bera zen anaia-arrebetan nagusia. Hurrena Aritz zen, eta txikiena Onditz.
1987an gertatu zitzaien lehen ezbeharra. Idoiaren osabak, Jesus Mari Larrazak, mendi istripua izan zuen garai hartan SESBeko (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) mendirik altuena zen Pico Comunismon (7.495 m). “Oso gogorra izan zen. Mendizale sakandar bat atzerrian, Himalaia inguruan, hiltzen zen lehenengo kasua izan zen, eta saltsa handia sortu zen. Himalaian norbait hiltzen denean gorpua han gelditzera ohituta gaude, baina kasu honetan osaba ekarri ahal izan genuen. Ekartze hori gurasoek eta espedizio kideek kudeatu zuten, aseguruarekin. Amak oraindik ere espedizio hartako kide batekin, Juan Manuel Sotillos kazetariarekin, harremana gordetzen du” azaldu du Idoiak.
Topikoak
Hala ere, mendizaleen familia izaten jarraitu zuten Artieda-Larrazatarrek. “Jendeak galdetzen du mendizalea bazara eta inguruko jendea mendian hiltzen bazaizu, ez al diozun mendiari gorrotorik hartzen. Eta ez. Ez da hala, mendiari lotuta jarraitu genuelako” gaineratu du Idoiak. Aritzek zaletasun ikaragarria zuen. “Pirinioak eta Alpeak dira mendizaleen hemengo ohiko bueltak, baina anaiak handiagoetarako saltoa egin zuen. Alpeetan ibili zen, Andeetan izan zen, 18 urte betetzeko zain egon zen Alaskara joateko, bestela gurasoen baimen idatzia behar zuelako, eta Himalaia izan zen hurrengo pausua. Mendizale petoa zen, eta familian naturaltasunez hartu genuen. Osabarena gertatu arren, gurasoek ez zioten inolako frenorik jarri” dio Idoiak.
Sakana Pumori 2001 espedizioko kideak ziren Aritz eta Javi. “Sakanan oihartzun handia izan zuen, izan ere Himalaiara joaten lehendabizikoa izango zen. Bi mutiko sakandar gazte, baina esperientzia handiarekin, Alpeetan ibiliak, Andeetan ibiliak, anaia Alaskan ibilia… Himalaia zuten helmuga. Prestakuntza lanetan lagundu genien. Oraindik kamiseta koloretsu haiek ditut buruan” gogoratzen du Idoiak. Baina ezbeharra gertatu zen. Bigarren tragedia familian. “Izan zen: historia errepikatzen da. Baina desberdintasun bat zeukan. Kasu honetan, gorpua han gelditu zen. Ondorio batera ailegatu naiz: istripu bidezko doluak dira gogorrenak, abisatu gabekoak, agurtzeko aukerarik ematen ez dutenak. Eta gorpurik ez badago, are gogorragoa da. Hori oso argi dut” nabarmendu du.
Egun haiek oso gogorrak izan ziren. “Albistea komunikabideen bidez jakin genuen, eta presioa izugarria izan zen. Zurrunbiloa ikaragarria izan zen, gaia komunikabideetan asko atera zen, eta morboaren kontu hori sufritu genuen hasieran, komunikabide batzuen aldetik galderak izugarriak zirelako” gogoratzen du.
Idoia Artieda: “Anaia gogoratzean lehen pentsaera maitasuna da, kariño hori”
Dolua
Badirudi urteak azkar joan direla, baina hor bide luzea dago. “20 urte badira, ez dira alferrik pasatu. Askoz ere lasaiago gaude” dio Idoiak. Doluaren prozesua ere gogorra izan zen. Eurendako oso garrantzitsua izan zen Pumorira joatea. “Hiru urtez jarraian joan ginen, baina modu ezberdinean. Heriotzaren lehenengo urteurrenean espedizioko kide batzuk, Aizarnako gurasoak, Aizarnako mutilaren neska-laguna eta ni joan ginen. Handik urte batera gurasoak animatu ziren. Beraiek, Onditz eta ni neu, laurok, Iñaki Ochoa de Olzarekin eta bere neska-lagunarekin joan ginen, Iñaki Aritzen laguna zelako. Eta hurrengo urtean gurasoek berriro joan nahi izan zuten, eta ahizparekin batera hirurak joan ziren” azaldu du. Ordutik ez dira itzuli. “Denok diogu itzuliko ginatekeela, baina lana, osasuna eta beste direla, ez gara itzuli. 8 urte dituen iloba txikiak esaten du hara joan nahi duela. Pala bat hartuta joango dela eta osaba elurpetik aterako duela” gaineratu du.
Gorpua hemen balute, osabarena bezala, beste dolu mota bat izango luketela uste du Idoiak. “Beraiek han daude, horrenbeste maite zuten mendian, baina, a!... horrek ez zaitu guztiz asetzen. Nik urte askoan anaia Himalaiatik etorri egiten zela amets egiten nuen. Jada ez, baina lehen bai” gaineratzen du. Mendizale familia izaki, mendiko literatura eta erreportaje asko irakurtzen dituzte. “Lan horietan heriotza asko aipatzen da, mendiaren parte bat delako. Esaterako zortzimilako askotako igoerak narratzen direnean, mendizale askok bideko erreferentziak bidean aurkitzen dituzten gorpuen arabera markatzen dituzte. Eta jakitea horrelako bat zurea dela, oso gogorra egiten zait detaile hori. Gure inguruan asko dira mendian hil diren lagunak” aitortu du.
Idoia Artieda: “Pumorira joatea oso garrantzitsua izan zen; hiru aldiz joan ginen”
Gertatutakoarekin bizitzen ikasi du familiak. “Bizitza normalerako, ez digu eragiten. Anaia gogoratzean lehendabiziko pentsaera ez da tristura, maitasuna baizik. Kariño hori. Anaia presente dugu, eta etxean ilobei ere ez zaie inoiz ezkutatu. Sarritan hitz egiten dugu Aritzez, normaltasunez, eta gurasoen etxean argazki pila dauzkagu, baina aitortu behar dizut berari buruz hain sakon hitz egiteak eragin didala, uste baino gehiago. Eguneroko bizitza ongi daramagu, baina gai honi buruz sakon hitz egitea gogorra da. Azken finean, gure biografia da”. nabarmendu du Idoiak. Orain, mendi istripuren bat denean, zera komentatzen dugu etxean: “Hara! Mendian hil ziren, mendian hil dira eta hilko dira. Bizilegea”.
Oroigarriak
Igandean, urteurrenean, Aralarko San Miguel santutegira joango dira. “Urtero joaten gara, eta gehiago edo gutxiago familia guztiak elkartzen gara. Harremana mantentzen dugu. Amari meza ateratzea gustatzen zaio. Beste familiekin elkartzea gustatzen zait, konplizitate bat dugulako, eta, alde horretatik, igandea egun berezia izango da” aitortu du Idoiak.
Izan ere, Aralarko santutegiaren atzealdean, itxitako eremu batean, zendutako bost mendizaleen aldeko oroigarria dago, eguzkilorea, bosten izenekin, 5 zuhaitz eta Nepaleko otoitz banderak. “Zergatik San Miguelen? Ba, ez dakit, garai hartako gauza asko ez ditut gogoratzen. Familiek elkarrekin agur bat egin nahi genuen eta bost familiek San Migelen egitea erabaki genuen. Pentsatzen dut tokia sinbolikoa delako, Mendigoizaleen Eguna bertan ospatzen delako eta San Migel Euskal Herriko zaindaria delako. Tarteka joaten gara, orain gutxiago, gurasoen osasuna dela eta, baina eurak igo ezin direnez, ni tarteka joaten naiz” dio. Urteurrena izanagatik ez omen dute horregatik okerrago pasatzen. “Niri berdin zait urriaren 17a edo otsailaren 17a izan. Anaia egunero gogoratzen dugu, segundo batzuk badira ere” dio.
Aralarko oroigarriaz gain, badaude Pumorin zendutako gazteen aldeko beste batzuk. Beriain azpian, Ondatzen, beste oroigarri bat dago. Harri baten gainean brontzezko eskultura dago, eta bi mutiko elkar besarkatuta daude, Aritz eta Javi. Lakuntzan ere beste oroigarri bat dago, eskua irudikatzen duena. Gipuzkoan, Txindokin beste oroigarriren bat ba omen dago, Aizarnan ere beste bat, eta Etxabakoitzen ere beste bat. Oroigarriak garrantzitsuak dira eurendako.
Oroitzapenak
Anaia nola gogoratzen duen galdetuta “alaia, langilea, txintxoa, pertsona ona, esfortzatua, noblea…” horiek dira ateratzen zaizkion hitzak. “Eta horrekin geratzen gara, oroitzapen horrekin. Lehengoan, gertuko lagun batek esaten zidan anaiarekin asko gogoratzen zela. Eta hori oso polita da, 20 urteren ondoren gertukoak ere berarekin gogoratzea. Irribarre batekin gogoratzen dugu. Sarritan pentsatzen dut, nola disfrutatuko lukeen ilobekin, eta halako gauzekin. Egunero gogoratzen gara. Segundo bat, baina egunero” nabarmendu du.
ARKAUZ-RINCÓNDARREN UNE GOGORRENAK
Arkauz-Rincón etxean lau anai-arrebetan helduena Edurne da, Estibaliz hurrena, Iñaki hirugarrena eta Javi, etxeko txikia zen. Estibalizek 2001 urtea oso gogoan du. “Urte horretako maiatzean ezkondu egin nintzen. Javi eta Aritz Pumoriko espedizioko azken prestaketetan zebiltzan, eta Pumorira joan baino aste pare bat lehenago senitarteko guztiak bazkaltzera bildu ginen; argazki oso politak ditut, oroitzapen ederra. Eta, bat-batean bizitza apurtu zen, erabat” azaldu du.
Une gogorrak izan ziren. “Hasteko, irrati bidez izan genuen gertatutakoaren berri. Amak deitu eta esan zidan Javi hil edo desagertu egin zela, hori esan zutela irratian. Bi egun eman genituen Javi istripuan zendutakoren bat zen edo ez jakin gabe, espedizioan beste Xabier bat zegoelako. Hasieran bera zela, gero ez… Nepaletik iristen ziren berriak urriak ziren. Ordu aldaketa handia da, gertatu zena zekitenak goian, altueran zeuden eta haiekin harremanetan jartzea zaila zen, eta ez zeuden gaur egungo aurrerapenak. Javi zendutako bat zela egiaztatu ziguten, eta, ondoren, gorpuak berreskuratzeko erreskate saiakera bat egin behar zela. Zenbait egun pasatu ziren gorpuak bertan geratuko zirela konfirmatu arte” kontatu du Estik.
Berak ez zuen anaiaren heriotza onartzen. “Mendira joan izan naiz beti, baina, hala ere, ez nuen ulertzen. Nik nire anaia ez nuen ikusi, baina esaten zidatena sinistu beharra nuen, han geratu zela eta ez nuela inoiz gehiago ikusiko. Eta hori onartzea oso zaila da. Norbait hiltzen denean gorpua beilatzen da, lurperatu eta orduan hasten da dolu prozesua. Baina kasu honetan, nola?” aitortzen du.
Estibaliz Arkauz: “Anaiaren heriotza gainditzeko ezinbestekoa izan zen Pumoriko bidaia”
Omenaldiak etorri ziren, bata bestearen atzetik. Ia astebururo San Migelera igotzen ziren gurasoekin, oroigarrira. “Ez zigula batere onik egiten konturatu ginenera arte. Eta astero ez ginela gehiago igoko erabaki genuen, une puntualetan izan ezik. Javi berdin gogoratuko genuela etxean. Nire kasuan, husten ari nintzen, nahigabetzen, depresioan barneratzen. Eta horren aurrean, mozten duzu edo tristuraren putzuan hondoratzen zara. Argi eta garbi. Eta moztu egin genuen” dio.
Pumoriko omenaldi ederra
Anaiaren heriotza onartzeko eta gainditzeko ezinbestekoa izan zen hiru anai arrebek eta Estibalizen senar Jexusek ezbeharra gertatu eta bi urtera Pumorira egindako bidaia. “2003ko urriaren 17an Pumorin geunden. Bidaia oso polita egin genuen, maitasunez gogoratzen dudana. Mari Abregorengana jo nuen laguntza esker; hark Himalaiara joan behar zuen bikote batekin, Koldo eta Barbararekin jarri gintuen harremanetan. Bere garaian Koldok Miriam (Tafallako alpinista bat) zendu zen tokira lagundu zituen bere gurasoak, eta guri Pumorira laguntzeko prest azaldu zen. Gero Berako mutil bat, Juanma, batu zitzaigun. Gure asmoa gure anaia zegoen tokira joatea eta hura agurtzea zen” kontatu du. Nueva Delhi eta Taj Mahal bisitatu eta gero, hegazkinez Luklara joan eta handik oinezko etapak egin zituzten, Pumoriko kanpaleku nagusiraino.
“Esperientzia gogorra izan zen. Pumori aurrean nuela, shocka izan nuen, baina mediku batzuk zeuden, lagundu eta medikazioa jarri zidaten, eta oinarrizko kanpalekura ongi heltzea lortu nuen. Pumorik begiak zabaldu zizkidan, eta orduan ulertu nuen guztia. Horrela, Javi dagoen toki eder eta paregabe horretan agurtu genuen anaia. Omenaldi txikia egin genion. Nik eskutitza idatzi nion, anaiak eta ahizpak ere despeditu zuten, eta denbora luzez bildutako lore lehorrak utzi genituen bertan. Guk ez genekien, baina taldekideek bideoz grabatu gintuzten. Gero, bideoa etxean ikusi genuenean guztiz hunkitu ginen, gu besarkatuta geunden une horretan Koldok Ikusi Mendizaleak kantua jo zuelako armonikarekin. Agur hura guretzat gakoa izan zen, konponbidea. Bidaia guztia bideoz grabatu genuen, gurasoek ere ikusi zuten –bakarrik ikusten dute beti, konpainiarik gabe– eta bidaia hura ere eurendako mugarria izan zen: lehena eta geroa aldatu zuena. Eta ordutik, beste bizitza bati ekin genion: anaia non dagoen ikusi genuen, bere heriotza barneratu genuen, agur esan genion, eta hortik aurrera gu bizirik geundela eta aurrera jarraitu behar genuela jabetu ginen. Horrela gainditu genuen haren heriotza. Bidaia hori egin ez bagenu, ez dut uste gaindituko genukeenik; nik, bederen, ez” gaineratu du Estik.
Pumoritik bueltan, hondoa jo zuen, eta orduan hasi zuen bere dolua. “Psikologoek esan zidaten bi urtez doluari eutsi egin niola, eta hemendik aurrera hasiko nintzela anaiaren heriotza gainditzen. Eta horrela izan zen” azaldu du.
Estibaliz Arkauz: “Atseden hartu ahal duten munduko tokirik politenean daude”
Poztasunez
Ordutik anaia poztasunez gogoratzen duela nabarmentzen du Estik. “Une oso-oso puntualetan izan ezik, nik ez dut negar egiten anaiaz hitz egitean. Nahikoa negar egin genuen. Egunero gogoratzen naiz berarekin, eta amets asko ditut, bereziki txikia zeneko garaikoak, baina alaitasunarekin gogoratzen dut, maitasun handiz. Kirolari petoa zen. Pilotan eta atletismoan aritu zen, ondoren txirrindulari izan zen, eta bizikleta utzi zuenean eskaladari eta mendiari ekin zion. Mendiak guztiz harrapatu zuen. Beti irribarrez zegoen, eta irribarre berezi bat zuen. Berezia zen, ezberdina. Beste molde batekoa” gogoan du Estik.
Bere ilobek eta seme-alabek osaba zena oso presente dute. “Bere osabaren bizitza lasai asko konta dezakete, Javiz naturaltasun osoz aritzen garelako. Baita gurasoak ere, eta hori oso garrantzitsua da, semeaz hitz egiten daudenean ongi egotea. Gurean anaiaz hitz egitea ez da tabua. Etxean erreferente da: nahiz eta fisikoki ez egon, gurekin egoten jarraitzen du. Sarritan pentsatzen dugu zein gustura egongo litzatekeen ilobak ikusten, kirolariak baitira. Nik nire semeari Javiren gauza asko ikusten dizkiot” dio.
Esti astebururo doa mendira. “Aralarrera noanean San Migeleko monolitotik pasatzen naiz. Gure Aita errezatu, Pirinioetara begiratu eta “datorren astera arte, anaia” esaten dut, baina poztasunez. Eta Beriainera noanean, Ondatzetik pasatzen naiz. Lakuntzako monolitoa gurasoen etxe atzealdean dago, amak loreontziak zaintzen ditu, eta aurreko egunean, esaterako, ilobak txirrindularitza lasterketa irabazi zuen, eta bertan utzi zuen lore sorta” aipatu digu.
Igandean 20 urte beteko dira, baina arkauztarrendako urriak 17 eta gainontzeko egun guztiak berdinak dira. “Agian barrenak gehiago mugitzen zaizkizu, baina nik egunero gogoratzen dut anaia” dio. Alabak karate txapelketa du egun horretan, eta Estik ezingo du hemen egon. “Alabari esan diot egun horrek zortea emango diola, osabak gidatuko duelako” gaineratzen du, irribarrez. Gurasoak kanpoan daude, eta ziurrenik Javiri meza aterako diotela uste du Estik.
20 urteren ondoren oraindik jendeak anaia gogoratzea “oso polita da, pasada bat”. “Pentsatzen dut, baina zer nolako arrastoa utzi duen anaiak, 20 urteren ondoren jende gaztea ere berarekin gogoratzeko. Lakuntzako etxe gehienetan nire anaiaren argazki bat dago, eta gazteenek ere badakite zein zen” dio. Ildo honetan, Lakuntzako Zabalarte Taldeak Sakanako Trail Estazioan jasotako Lakuntza-Aralar Traila aurkeztuko du aurki, urriko azken asteburuan ziurrenik, eta ekitaldian Javirekin oroitzapen txikia izan nahi dute. Poza ematen die.
Tokatu zaienarekin bizitzen ikastea lortu dute arkauztarrek. “Denbora askoan oso triste egon ginen, baina gertatutakoa ulertzea eta barneratzea lortu genuen, behar bezala kanalizatu dugu eta aurrera, bizitzak jarraitzen duelako” azpimarratzen du.
Munduko tokirik politenean
Estik dio munduko tokirik politenean daudela anaia eta taldekideak. “Pumoriren edertasuna apartekoa da. Ez dakizu zeinen polita den, benetan. Zer esango dizut, nik nahiago dut anaia bertan egotea. Gorpuak ezin zituztela erreskatatu esan zigutenean, ez ditut ahazteko aitak amari esan zizkion hitzak: “izan ahal duten manturik txuriena han dute”. Horiek dira entzun ditudan hitzik politenak. Egia delako, atseden hartu ahal duten tokirik politenean daudelako” berretsi du.