Astekaria

"Bizitasuna ematen diote gure hizkerari"

Guaixe 2021ko urr. 21a, 14:03

Jose Luis Erdozia Mauleon aurkezpen batean. ARTXIBOA

Jose Luis Erdozia Mauleonek bere azken liburuan 916 esapide edo esamolde jaso ditu, normalean hiztegietan jasotzen ez direnak. Garai batean erabilitakoak eta egun, oraindik erabiltzen direnak. Egileak esan duenez, horien erabilerak euskarari bizitasuna ematen dio.

Euskararen inguruko lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistikako ikerketak bultzatzeko helburuz, Euskarabideak euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketa antolatu zuen bigarrenez joan den urtean. Linguistika arloko ikerketa lehiaketak bi irabazle izan zituen: Koldo Colomo Castro eta Jose Luis Erdozia Mauleon. Bien lanak liburu formatuan argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak. Etxarriarraren Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak (2021, Pamiela) liburua dagoeneko kalean da. 

Lehengo harenez? 
Hainbatek galdetu didate zer den hori. Etxarri Aranatzen lenguarrenes esaten da. Bereziki Etxarrin erabiltzen da, Lizarragan ere, pixka bat aldatuta. Askotan, zerbait esan behar dugunean, esaten dugu: lehenago ere hola esaten zuten. Gaztelaniaz izanen litzateke: como decia el otro. Lenguenures ere erabiltzen zen. Liburuan jasota dago zein testuingurutan erabiltzen den eta dokumentazioa baldin badago, jasota dago. Bestela, herritarrek nola erabiltzen dugun. 

Lexia konposatuak zer dira? 
Lehendabiziko lexia. Lexikotik heldu da. Hiztegietan agertzen diren hitzak. Baina kasu honetan konposatuak esaten dut. Izaten dira: esamolde, esapide edo aditz perifrasiak. Aditza bera beste zerbaitekin batera dira aditz perifrasiak. Esaterako: jatera eman. Ez da eman bakarrik, eta ez da jan bakarrik. Eta gero lexikoan agertu beharko luketen hitzak, baina hitz bat baino gehiagorekin osatuta dagoena izanen litzateke lexia konposatua; iyun dienak (inon direnak! Habrase visto!) eta halakoak. Ez da hitz bakarra. Baina asko erabiltzen ditugu eta, dagoeneko, zentzu berezia dute. Lexikokoa esateko. 

Hizkuntza nola ikasten den. Hiztunak sortu eta hizkuntzalariak nola jaso, sailkatu  eta arautzen du. Eta ez aldrebes. Horren inguruko hausnarketa txiki bat egin duzu sarreran. 
Euskaldun zaharrei nolabait garrantzia emateko da. Euskaldun zaharrik ez balego ez genuke XXI. mendean euskara ezagutuko. Erabat galduta egonen zen, euskarak debekuak izan dituelako, baina betiko euskaldunek, eskolatu gabeak izan gabe ere, mantendu eta erabili dute hizkuntza. Badago teoria bat esaten duena sortzez gizakiok oinarrizko gramatika bat dugula. Hau da, gure biologian-edo nolabait ekartzen duguna. Oinarrizko gramatika hori da: non tokatu zaizu jaiotzea, horko gramatika lantzen duzu. Hori aitaren eta amaren bular eta paparretik sortzen da. Hasiera-hasieran ez zeuden hizkuntzalariak. Hiztunak zeuden bakarrik. Hiztunek sortzen, aberasten, handitzen eta osatzen zuten hizkuntza. Garai jakin batzuetan hori aztertzera etorri ziren batzuk. Nire ikuspegitik hori da segida: hiztunak sortzen du, gero hizkuntzalaria etortzen da eta hiztunak nola egiten duen egituratzen saiatzen da. Hori jaso. Eta beste batzuk horren arora ikasi dezakete. Horrek izan behar du segida arruta, eta ez alderantziz. Hau da, hizkuntzalariak esan nola izan behar duen, nolabait agindu nola erabili behar den hizkuntza, eta gero hiztunek erabili. 

Lexia konposatuak horren adibide oso egokia dira. Beti sortu dira oso testuinguru berezi batean. Testuinguru berezi horietan errepikatuz eta errepikatuz, nahiz eta bi, hiru edo lau hitzez osatuak izan, esanahiaren aldetik hitz bakarrean bihurtu dira. Horrek ez du inolako araurik. Bakarrik erabilerak ematen du hori horrela izateko aukera. 

Nafarroako zein euskal hizkeretako lexia konposatuak jaso dituzu? 
Doktore tesia egiteko Arakil mendebaldea eta Aranatz, Sakana erdialdea, aztertu nituenean, ikusi nuen errepikatzen zirela horrelako hainbat esamolde, esapide edo aditz perifrasi. Hiztegietara joan eta bakarrik izena, izenondoa, adberbioak edo aditzak jasotzen dira. Baina azpisarrera batzuk izaten dira eta hor batzuk jasotzen dira, baina asko eta asko falta dira. Hemen helburua izan da Euskaltzaindiaren hiztegian, ofizialean, falta diren horietako ahalik eta gehien jasotzea. Aspaldi hasi nintzen. Geldi-geldi joan zen osatzen. Orain jubilazioarekin eta pandemiarekin denbora gehiago eduki dugunez etxezuloan egoteko, jaso ditut asko Sakana, Zaraitzu, Luzaide, Artzibar, Erroibar, Esteribar, Ultzama, Basaburua, Imotz, Leitzaldea, Larraun, Aezkoa, Baztan, Zugarramurdi, Urdazubi, Erronkaribar, Bortziriak, Sunbilla, Malerreka… Gaur egun bizirik dauden euskal hizkeretakoak. Eta, zenbait kasutan, baita ere itzalita dauden tokietako hizkerak ere, baina liburuetan gelditu direnak.

Nola dago egituratuta liburua? 
Alfabetikoki. Gorriz esapidea eta esamoldea, eta gero azalpenak. Eta errepikatzen denean izen bat edo aditz bat, multzokatu egin ditut. Batzuk ez dira errepikatzen eta solte joaten dira. Horretaz aparte, hasierako hizkiarekin banan-banan eman ditut. Aurkibidean ere horrela agertzen da, opatzeko errazago. Esaterako, lehenengo sarrera, Aditzera bota. Jartzen dut nola erabiltzen den Burundan eta aditz perifrasi bat dela. Non agertzen den ere jarri dut: zeharka jakitera eman, argi eta garbi izan gabe ere zerbait adierazi. Orotariko Euskal Hiztegian agertzen dena eta Urdiaingo adibide bat jartzen ditut. Gaztelaniaz zer esan nahi duen: dar a entender. Eta dokumentazioa, nik, behintzat, herritarrei adituta izan dela grabazioetan-eta. 

Horrelako liburuen helburua zein da? 
Liburuak jaso egiten du, eta dokumentuen bidez erakusten du nola erabili izan diren. Kasu gehienetan erdi ahaztuta dauzkagu. Gero eta gehiago komentatzen dugu gaur egungo euskara, euskara batua nahiko zurruna dela, kostatu egiten da, ez dauka bizitasun askorik. Nik uste dut halakoek bizitasuna ematen diotela. Hauek ez daude halako arau baten mendean eraikita. Testuinguru zehatz batean, pertsona normalek sortutakoak… Helburua da beraien erabilera zabaltzea. 

Nola bulkatu erabilera hori? 
Euskaltegietan, ikastaroetan… Herrian ateratzen garenean, horrelakoren bat bota eta: a, bai! Hori aspaldi ez genuen erabiltzen! Sakanan baditugu euskara taldeak eta aitzakia ederra izan daiteke. Bakoitzak bere herri edo eskualdekoak. Segur asko gazteek erdi galduta dauzkate. Horiendako izan daiteke. Belaunaldiz belaunaldi transmititu egin dira. Hori gaur egun ere egin beharra dugu. Kalean jendearekin gaudenean, martxan jarri. Ez dugu ezer asmatu behar, hor ditugu denak. 

 

Adibideak
Aide mila demonio fan, ehun deabruren ziztuan joan, furrundaka joan, puzkar batean joan, herio begigorri abiatu, galupeka. Horiek denak norbaitek edo zerbaitek presaka edo oso azkar alde egin zutela esateko dira. 

Auzomotojorik egon. Harroturik egon. Azken hori duela ia bost urtera arte galdurik genuen Etxarrin. Eta jendea erabiltzen hasi da. 

Aizkoran ahoa baino aurpegi zorrotzagoa. Etxarriko esapidea. Oso itxura serioa duen pertsona bati esaten zitzaion. 

Aizkora kolpez egindako aurpegia zuen. Oso pertsona zakarra, hala esaten zen Etxarrin. 

Antza; antzean, bezala. Dagoeneko gose antza nago; triste antza dago, lodi antza, euri antza egon da goizean, gaizki antza nabil, urte guztia dago jai antza (lan gutxi egiten duela). 

Atrebitu; atreverse, debekua adierazteko. Atrebi izaan den! Ez haiz ausartuko!

Aurres bieldu, austapur bidali. Ingurutik norbait bidali, alde hemendik esateko. 

Azienda gobernatu. Ez da bakarrik animaliak, haurrekin ere. Azienda gobernatzea tokatzen zait, hau da, haurrak dauzkat eta gaur nik egon behar dut beraiekin. 

Larritestu ibili. Estuturik egon. Gehienetan estu eta larri esaten da. 

Luzegarriak eman. Luzamenduetan ibili, espero den erantzuna eman gabe. Dar largas

Hobiek utse! Hobe duk ura! Mehatxu bezala erabiltzen da. Mas te vale que…