Sareren Donostiako manifestaziora joateko, autobusak

Guaixe 2021ko urr. 19a, 13:24
Presoak etxeratzearen aldeko manifestazioa Etxarri Aranatzen. @SareEtxarri

Larunbatean, 17:00etan, Donostiako Antiguatik abiatuko den manifestaziora autobusez joateko aukera dago. Euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikarekin bukatzea aldarrikatuko da.

Sarek maiatza akaberan martxan jarri zuen Ibilian- Ibilian, etxerako bidean! Dinamika, eta akabera Donostian emanen diote larunbatean. Horretarako Manifestazio Orokorra antolatu dute. Saretik gaztigatu dutenez, “etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari”. Sarek bidea egiten segitu nahi du, “berandu baino lehen, akaberaraino garatu dezagun”.

Horregatik, bi aldarrikapen plazaratu ditu: euskal preso guztien Euskal Herriratzea eta graduen progresioa. “Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharrekoa. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea”. Sarek eskatzen du euskal presoek zigorra Euskal Herriko espetxeetan betetzea. Horrekin batera, Sarek eskatu du “gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, zigorraren hiru laurdenak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea”. 

Donostiara autobusez joateko aukera izanen dute sakandarrek, Sarek propio garraio zerbitzua antolatu baitu. Horretarako honako tokietan eman behar da izena: Lakuntzan Apur okindegian; Arbizun Kiroldegi tabernan; Etxarri Aranatzen Xapateron, Leku Onan edota Kaxetan; Bakaikun elkartean eta Altsasun ohiko lekuetan.