Astekoa

Merkelen legatua

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2021ko urr. 18a, 09:10

Joan dira Merkelen agintaldiko hamasei urteak eta hauteskundeak egin ondotik, hurrengo alemaniar gobernuaren koloreak zein izanen diren dakigularik, baina zein nolako orekari eutsiko dioten zalantza izaki, oso segurutik dakiguna modu zuzen edo zeharkakoaz andere honen agintze tankerak jarraituko duela, hain baita luzea Angela Merkelen itzala.

Emakume kontserbadore eta demokristaua, herritar ugariren sostengua eta konfiantza bereganatu du urtetan barrena. 2008ko krisiari austeritatearen jardunbideaz erantzun zion, alemaniar langileen dirusarrerak doituz, Mediterraneoko herrialdeak estutuz eta partikularki Grezia itolarrian utziz. 

Baina ene ustez, askoz gehiago dira haren argiak. Siriako etorkinen aferan, bere etorkizun politikoa jokoan jarri eta garaile suertatu zen, Europan loratzen ari zen xenofobiari buru eginez. Bergisan, ultraeskuindarrekin hitzarmenik ez egiteko jarrerari gogor eutsi dio eta lander batean CDUk AfDekin eginiko  gobernu ituna desegin eta akordio hura gauzatu zuten alderdikideak degradatu zituen. Zilegi bekit gogora ekartzea Austrian, Italian zein Madrilen edo Andaluzian  joera guztietako eskuindarrek hainbat gobernu ahalbidetu dituztela.

Kataluniako auziarekin, ordea, isilik gorde zen, eta ez dezagun ahantzi Alemaniaren jardun proaktiboarengatik ez balitz Lituania, Eslovenia eta Kroazia ez liratekeela  egun independenteak izango. 

Angela Merkel joan badoa... Ala oraindik ez? Hainbat analistak dio Eguberriko gabon kantak eta Urteberriko topak eta besarkadak Merkel kantzilerra izaki eginen dituztela Alemanian. 

Bejondeizula, Frau Merkel.