Etena. Moztua. Kataiaz josia. Harresiz inguratua. Txarrantxaz gotortua. Blokeatua. Itxia izan da bidea urte luzez. Giltzapetua. Zarratua. Eta airez, lurrez, urez. Herritarron bultzadaz. Hegaz, oinez, abiadan... zabaldu da bidea. Ezinbestekoaz. Nekaezinaz. Etxerako bide. Elkarbizitzarako etorbide. Ireki dugu bidea eta bilakatu gara gu ere bide. Gutxitu dira kilometroak. Zamak. Motxilak. Galerak. Orduak eta bakardadeak.
Ibilian-ibilian hasiak gara. Hasi besterik ez. Baina hasiak gara. Haziak. Hasi dira, poliki-polikiegi baina ekinez, gradu aldaketak eta Euskal Herriratzeak. Etxerako bidea gauzatzeko behar-beharrezko pausoak. Atzean geratu da isolamenduaren zigorra. Amets gaiztoen tontorra.
Oraindik ere ordea, urrun eta bakarka daude emakumeak, baina, elkartu gara, elkarrekin egon ezin genuela uste genuenak ere bai... Eta aukera horiek EGIN nahi ditugu. Baimenik gabe 3/4ak beteak. Eta bat gatoz, ziegan giltzapetuta larriki gaixo direnak, guraso gabe motxiladun umeak, ezohiko egoeran adinez nagusi direnak, eta bizi osorako zigor pean 7/2003 lege-pean kondena jaso dutenak.
Korapiloz beteta jarraitzen du euskal presoen egoerak. Hasi baino ez gara egin, urrats ugari falta zaizkigu gauzatzeko bidea. Aldaketarako ordua da. Sortu dira aukerak. Sortu ditugu eta dituzte eta zituzten eta zenituzten... Haiek eta guk, hark eta hurak. Zuek. Denok. Egi Erreal.
Erein eta jaso. Argitu da bidea. Maldatsua eta luzea. Esperantzaz betea. Hauskorra eta geldoa, hasiera eta amaiera duen bidea. Mugarriz-mugarri, helmugara doan ibilbidea. Baina berdea. Baina batez ere, geldialdirik izan ezin duen bidea. Horixe da gurea. Etenaldi eta atzera urratsik gabea. Orain eta hemen egiten jarraitu behar duguna. Kontrako haizerik izango baita, eta lurrikarak, belar txarrak eta asunak. Gelditzen ez bagara ordea, ez da berriro itxiko ireki duguna. Oraingoan bai, bultzada bakoitzak badu bere erantzuna.
Salbuespena lege bilakatu zenetik, zigorrari gehitutako zigorren kiribila askatzen hasi da. Orain, guri dagokigu salbuespena desegin eta lege arruntera bidea egitea. Iritsi da denbora luzean landutako unea. Jarrai dezagun! Izan gaitezen gezi etxerako bidean.
URRIAREN 23AN BETE DEZAGUN DONOSTIA.