Bazterretik

Udazkeneko orriak

Erabiltzailearen aurpegia

Liburutegian paseotxoa eman eta GUAIXEko txoko honetan ZER IDATZI pentsatzen ari nintzela, liburu askorekin egin dut topo. Liburutegian ibiltzea munduan zehar bidaiatzea bezalako esperientzia da. Mendiak, historia, izarrak, ilargia, emakume interesgarriak, paisaia ikusgarriak … eta garrantzitsuena, bizipen ahaztezinak. Horrela sentitzen gara irakurleok liburu bat irakurtzen dugunean, eta are gehiago, pentsarazten dizun liburu bat irakurtzen duzunean.  
Liburu horietako batzuk aurkeztuko dizkizuet:

Herriak ez du barkatuko! Irati Goikoetxea idazlearena. Euskal Herriko gatazkak sorturiko sentimenduak eta kontraesanak oso ongi islatzen ditu. Modu ederrean idazten du Irati Goikoetxeak eta gozamena izan da bere liburua irakurtzea.

Ez dakit zertaz ari zaren Ana Malagon idazle donostiarrarena. Gertaera dramatikoetara hurbiltzen gaitu liburuak eta ironiak presentzia izugarria dauka.

Gaztelaniaz, berriz, hiru idazle aipatuko dizkizuet: bata, bizitza filosofiari buruzko gogoetak egiten dituena, eta beste biak fikzio erraza eta irakurlea erabat erakartzen dutenak. 

Eloy Morenoren edozein liburu, irakurtzeko gomendagarria iruditzen zait. Liburu bakoitzak gai bat jorratzen du, eta gaur egungo bizimodua kolokan jartzen du.

Mikel Santiagoren liburuak oso gustura irakurtzen dira. Nobela beltza dira, eta hasiera hasieratik liburuei itsatsita sentitzen zara. Gehiegi pentsatu gabe irakurtzeko.

Lucinda Riley idazlearen liburuak. Ziordiko irakurleei izugarri gustatzen zaizkie eta gainera azken aldiko erabiltzaileen eskakizunak betetzen dituzte: politak eta errazak. 

Aukerak hor dituzue, baina jakin ezazue horiek liburutegiko bidaiaren zati txiki-txiki bat besterik ez direla!