Ibiltzera ateratzen direnean, lakuntzar askok jotzen dute San Saastin ermitaratz. Uharte Arakilgo eta Arruazuko bideek bat egiten dute Lakuntzakoarekin eta ubertearrak eta arbazuarrak ere handik paseatzen ibiltzen dira. Garagarrilaren akaberatik ordea, jendea ez zen lasai joaten. Ermitara iristear zirela bederatzi txakur zaunka jaisten zitzaizkien ibiltariei. Izutzeko moduko panorama. Animalia haien guztien jabea gizonezko bizkaitar bat da, ermita ondoan kanpatzen egon zena.
Jendeak egoera salatu eta Foruzaingoaren eta Guardia Civilaren bisitak izan ondoren, gizonak Arruazuko San Pedrondon jarri zuen kanpin denda. Eta iraileko azken ostiralera arte han bizi izan da gizona bere txakurrekin. Bitarte horretan animalia saldoak jendea izutu du. Inguruko abeltzainak ere ez zeuden eroso. Gizonezkoa kaudimengabea denez, dirurik ez duenez, jarritako isunak ordaindu gabe utzi ditu.
Abeltzainek azienda menditik jaisteko garaia zela eta txakurren jarreraren berri jakinda abeltzainak bero zeudela jakinarazi zioten gizonari. Arruazuko eta Lakuntzako alkateek egoera aztertu zuten, eta Foruzaingoaren Altsasuko polizia etxeko buruarekin hitz egin ondoren, gizonari egoera azaldu zioten. Joateko eguna zehaztu zuen berak, hala egin zuen foruzainen presentzian. Euskal Herritik kanpo, beste norabide bat hartzekoa zela jakinarazi zuen. Hirugarren urtea zuen Sakanara etortzen. Esaterako, Altsasun egona zen joan den urtean. Aurtengo uda hasieran Arbizun izana zen.