Noiz hasi zinen Barranka Txirrindularitza Taldean?
Futbola utzi nuenean. Orduan hasi nintzen bizikletarekin serioago ibiltzen. Hasieran, nire kabuz hasi nintzen, baina BTT taldea zegoela jakin bezain pronto, eurekin hasi nintzen. Orduan Burunda Txirrindularitza Taldeko BTT sekzioa izena zuen taldeak, eta gero, Barranka Txirrindularitza Taldea izena hartu zuen. 20 urte inguru daramatzat taldean.
Igandean Sakanako Bizikleta Egunaren 27. edizioa izanen da. Zuk zenbatetan hartu duzu parte?
Askotan, ia gehienetan. BTT taldean hasi nintzenetik, guztietan. Aurretik entzun izan nuen Bizikleta Eguna zegoela, baina ez nintzen aritu. Taldean hastearekin batera animatu nintzen.
Sakanako Bizikleta Egunean ibilbidearen martxa kontrolatzea zuen ardura da.
Bai. Hasteko, urtero zein ibilbide eginen dugun aztertu eta erabakitzen dugu, eta egunean bertan, ibilbidea kontrolatzen dugu: gutako batzuk aurrean goaz, eta gainontzekoak atzean, inor ibilbidetik ez ateratzeko eta partaideen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, bidegurutzeak kontrolatzen ditugu eta behar dena.
Zailtasun aldetik nolakoa da?
Pertsona bakoitza bizikletan ibiltzen denaren araberakoa, baina asko ibiltzen ez direnendako ez dut esango zaila denik, baina paliza ederra hartzeko modukoa bai. Pentsa 9:00etan ateratzen garela eta 13:00ak aldera bukatzen dugula. Erritmoari dagokionez, jende guztiak jarraitzeko moduko erritmoa du martxak, hori baita nahi duguna, ahalik eta jende gehienak parte hartzea, gaztetxoak bereziki. Ea zaletasuna sortzen zaien.
Aurten Irurtzunen hasi eta Altsasun despedituko da Bizikleta Eguna. Lau urtean behin Ergoienara igotzen zarete.
Bai, baina Ergoienara goazenean ibilbidea laburtzen dugu, bertara igotzea gogorragoa delako, malda ederra.
Iganderako parte hartze oso ona espero da.
Bai. Parte hartze kontuan eguraldia da garrantzitsuena. Aurreikuspenak txarrak badira, parte hartzea asko jaisten da, baina badirudi, momentuz, aurtengo aurreikuspenak onak direla eta jendea asko animatu da. Badirudi ekitaldietan parte hartzeko gogotsu gaudela. Bihar, larunbata, Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiarekin ibilbidea nola dagoen ikusiko dut, ea obraren bat edo ezusteren bat dagoen ikusteko, ibilbidea aldatu behar izanez gero jakinaren gainean egoteko.
Askorendako erronka polita izango da Sakanako Bizikleta Eguna despeditzea.
Sarritan entzuten diezu: “ea Altsasuraino iristen garen” eta halakoak. Gero helmugan ikusten dituzunean pentsatzen duzu: hara, lortu dute.
Zuretako Bizikleta Eguna egun polita da?
Niretako bai. Batez ere neska-mutilei ilusio hori ikustea… Guk saltsa izaten dugu, bidegurutzeak direla, aurrealdea eta atzealdea kontrolatzea eta beste, baina nik disfrutatzen dut, egun hau gustuko dut.
Iganderako bizikleta doitzea eskatzen duzue, ezta?
Bai, bizpahiru egun lehenago bizikleta ongi errebisatu behar da, ongi dagoela ziurtatzeko, ez goiz horretan. Igandean martxan gertatzen diren zulaketak eta matxurak konponduko ditugu, baina egun horretan ez dugu bizikletaren mantenua egiten. Egia esan, normalean ez dira matxura gehiegi gertatzen. Urtearen arabera izaten da, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago.
Iganderako gogotsu?
Bai, oso. Eguraldi ona egin dezala, hori da garrantzitsuena. Gainontzekoa guk jarriko dugu. Sakandarrak Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzera animatzen ditut. Ez daitezela distantzien beldur izan; atzetik autobusa eta kamioia datoz, eta edozein unetan bizikletatik jaitsi eta autobusean igo daitezke, eta hobeto daudenean, atzera ere martxara batu, martxa bukaeran, esaterako. Askotan egiten da hori, lehertuta dauden neska-mutilekin. Bukaerarako kilometro bat lehenago bizikleta hartu, eta aurrera. Izan ere, helmugara bizikletan iristea oso polita da. Helburua parte hartzea eta ongi pasatzea da.