Gripearen kontrako txertaketarako hitzorduak ematen hasi dira

Guaixe 2021ko urr. 19a, 08:35

Altsasuarrak Intxostia zeharbidea kalean.

Osasunbideak heldu den astelehenean hasiko du gripearen aurkako txertoa, eta COVID-19aren aurkako hirugarren dosiarekin konbinatuko da 70 urtetik gorakoen eta arrisku oso handiko biztanleen artean. 60 eta 69 urte bitarteko pertsonek gripearen aurkako txertoa bakarrik jasoko dute, aste honetan telefonoz eta online zabalduko den kanpaina batean

Osasun Departamentuak gripearen aurkako txertaketa kanpainarekin hasiko da heldu den astelehenean. Aurtengo txertaketa kanpainak ezaugarri bereizgarria du: COVID-19aren kontrako txertoaren dosi gehigarri batekin konbinatuko da 70 urte eta gehiagoko pertsonen kasuan, bai eta arrisku oso handiko populaziotzat hartzen direnen kasuan ere. Hitzordua emateko prozesua dagoeneko hasi da. Osasunbideak jakinarazpena bidaliko die 60 urtetik gorako nafarrei telefono, web hitzordu eta posta elektroniko bidez, txanda hartu dezaten. Hasierako mezuak bidaltzeaz gain, Osasun Departamentuak telefono-deiak egingo ditu kanpainak irauten duen bitartean.

Bestalde, 60 eta 69 urte arteko nafarrei gripearen kontrako dosia bakarrik jarriko zaie, baita adin horretatik beherako pertsonei ere, baldin eta osasun egoeragatik ahultasun handiagoa badute, edo arriskuen aurrean lan egin behar duten profesionalek eta birusa biztanleria ahulagoari transmititzeko aukera handiagoa dutenek ere. 

Hitzordua emateko prozedura
60 eta 69 urte arteko pertsonak hasiko dira SMS mezuak jasotzen kanpaina hasi dela jakinarazteko; modu horretan, hitzordua eskatu dezakete citasalud.navarra.es web gunean, citas.vacunacion@navarra.es posta elektronikoaren bidez edota haien osasun etxera telefonoz hots eginda edo, 948 370 130 telefonora hots eginda. 

Bihartik aurrera, pixkanaka, SMSak bidaltzen hasiko dira 70 urteko eta hortik gorako pertsonei eta arrisku oso handiko taldeetakoei; zaharrenetatik hasiko dira, eta COVID-19aren aurrean txertoaren bigarren dosia jaso zutenetik sei hilabete igarotzen doazen heinean aurrera jarraituko dute. Internet bidez edo posta elektronikoaren bidez hartu dezakete hitzordua. Telefono bidezko hitzorduari dagokionean, soilik talde honendako egonen da irekita, 948 370 130 telefonora hots eginda. 

Gehigarri moduan, Osasun Departamentua pixkanaka harremanetan jarriko da talde horretako adin handieneko segmentuekin, eta, kanpaina aurrera doan neurrian, “bigarren aukerako” deiak eginen dizkie txertoa jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eta hitzordurik hartu ez duten pertsonei. Arrisku oso handiko pertsonekin zuzenean jarriko da harremanetan Osasun Departamentua hitzordua emateko, COVID-19aren aurrean hirugarren dosia hartu dutenekin izan ezik, baina horiek hitzordua hartzeko deia egin beharko dute gripearen aurkako txertorako.

Biztanleria-talde ahuletako pertsonek beren osasun-zentrora deitu beharko dute gripearen aurkako txertoa hartzeko eguna eta ordua izateko. Lanbidea dela-eta, gripearen aurkako txertorako xede-populaziokoak diren pertsonen kasuan, aurreko urteetan bezala jokatuko da; alegia, oro har, hitzordua eta txertoa hartzeko prozedura laneko arriskuak prebenitzeko haien zerbitzuek koordinatuko dute.

Txertaketaren denboraldi arrunta abenduaren 2ra arte luzatuko da. Egun horretatik aurrera, txertoa jarriko zaie kanpainaren epez kanpo sartzeko irizpideak betetzen dituzten pertsonei (haurdun berriak, arrisku-faktoreak dituzten paziente berriak, arrisku-taldeetan sartutako nazioarteko bidaiariak) edo bere garaian txertoa hartu ezin izan zutenei.