AHT ibilbide proiektua

Arabako tren azpiegiturak hobetzea eskatu dute

Guaixe 2021ko urr. 19a, 09:29
Arabako AHTren kontrako plataformetako kideak agerraldia Batzar Nagusietan. UTZITAKOA

Arabako AHTren aurkako herri plataformek Miranda de Ebro eta Altsasu arteko trenbide azpiegiturak egokitzea eta hobetzea eskatu dute, Arabako Batzar Nagusiei maiatzean sindikatuek aurkeztutako akordioarekin bat egiteko eskatu dute.

Abiadura Handiko Trenaren ordez Miranda Ebro eta Altsasu arteko trenbide korridore “moderno eta eraginkorra” lortzeko aldarrikapena Arabako Batzar Nagusietara eraman zuten Lautada eta Arabako Haranetako trenaren aldeko plataformetako kideek atzo. Arabako trenbide arloko sindikatuek Araban trenbide garraioaren alde akordioa maiatzaren 14an plazaratutako akordioarekin bat egitera gonbidatu zituzten Batzar Nagusiak. Azpimarratu zutenez, korridore horrek bidaiariak eta merkantziak garraiatu beharko lituzke, eta “Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren trenbide politika berriarekin eta Europako trenbide politikarekin bat etorriko litzateke”.

Plataformetako kideen iritziz, “egokitutako trenbide sare berri horrek lotura arina eta eraginkorra bermatu luke, bai Atlantikoko Ardatzarekin, bai Kantauri-Mediterraneo Korridorearekin, eta baita Europako gainerako herrialdeekin ere. Ministerioak esandakoa gogorarazi zuten: Castejon-Logroño eta Teruel-Zaragoza tarteetarako iragarritakoen antzeko jarduera bat egiteak “prestazio handiko lineak epe laburrean hirietara iristeko aukera emango luke”.

AHTren aurkako plataformek aipatutako beste elementu bat geltokiak eta geralekuak berriro irekitzeko aukera da, “eskualdeko garraioa hobetuz eta, bestetik, merkantzien garraioa handituz, errepideekin alderatuta”. Azaldu zutenez, “proiektu horiek egiteko lanak epe askoz ere txikiagoak behar dituzte, baita orain arte egin nahi diren proiektuek baino inbertsio kostu txikiagoa ere”. AHTren kontrako plataformetako kideek nabarmendu zutenez, haiena “proposamena justifikatua eta oso errentagarri bihurtzen da”. Gaineratu zutenez, “garaiz gaude abiadura handiko plataforma berri bat eraikitzea saihesteko, diru publikoaren gastu izugarria ekarriko lukeena eta ingurumenean eta gizartean kalte atzeraezinak eragingo lituzkeena”.