Areto futbola

Aralar Mendiri eta Xotari puntuek ihesi

Guaixe 2021ko urr. 21a, 11:00

Hirugarren maila. Zazpigarren multzoa. Laugarren jardunaldia: Mateo Muñoz Ribera de Navarra 5 – Aralar Mendi 1 / Garbayo Chivite Cintruenigo 3 - Xota 1

Asteburuan Erriberan jokatu zuten hirugarren mailan dabiltzan bi talde sakandarrak, Aralar Mendik eta Xotak, eta biak esku hutsik itzuli ziren bertatik. 

Aralar Mendik Mateo Muñoz Ribera de Navarra liderra izan zuen aurkari Tuteran. Partida oso gogorra izan zen; lehen zatian ongi jokatu zuten uharte arakildarrek, eta liderra ederki estutu zuen. Erriberakoei kosta egin zitzaien Beñat Iabenek defendatzen zuen atea zulatzea, baina behin hasita, 21. minututik aurrera, 5 gol sartu zituzten, bata bestearen atzetik. Jorge Mariñelarenak Aralar Mendiren markagailua mustutzea lortu zuen. Itxura ona eman zuen Aralar Mendik, baina aurten oso garesti dago garaipena. 

Xotak ere partida zaila zuen aurretik Cintruenigon, Garbayo Chivite taldearen kontra. Bi taldeak ongi aritu ziren, baina Cintruenigokoak kontrako atean hobeto asmatu zuten eta 2 eta 0 aurreratu ziren. Cintruenigoko Asier Yanguasek ate propioan gola sartu eta gero, 2 eta 1 hurbildu zen Xota, baina Garbayo Chivitek partida lotu nahi izan zuen eta hirugarrena sartu zuen. 

Datorrena
Sailkapen orokorrean Mateo Muñoz Ribera de Navarrak jarraitzen du lider, Universidad de Navarra taldearekin 12 puntura berdinduta. Aralar Mendi zortzigarrena da, 4 punturekin, eta Xota hamabigarrena, punturik gabe. Asteburuan Aralar Mendik beste partida gogor bat du aurretik, liderrarekin puntutara berdinduta dagoen Universidad de Navarra hartuko baitu Uharte Arakilen, ostiralean, 19:00etan. Xotak ere etxean jokatuko du, Atakondoa pabilioian, igandean, 12:00etan, 3 punturekin sailkapenean hamargarrena den Anaitasunaren kontra. Arerio zuzenen arteko partida izanen da.