Telebistan agertzen dena bera ote den galdetzera jende asko hurbiltzen zaiola aitortu du.
1. Laboral Kutxaren publizitate kanpaina dela eta, aurpegi ezaguna bilakatu zara. Baina nor da Jon Ander Fernández Chaparro?
30 urteko gazte altsasuar bat, bere garaian Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen, Enpresa Zientzia diplomatura ikasitakoa. Ondoren Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritzan gradua egin nuen, eta duela hiruzpalau urte UNIR-en, Errioxako Unibertsitatean, master bat egin nuen, online, aholkularitza finantzarioko masterra.
2. Zenbat denbora daramazu Laboral Kutxan lanean?
Azaroan zortzi urte egingo ditut, 22 urte nituela hasi bainintzen Laboral Kutxan lanean, diplomatura bukatu eta berehala. Dagoen langabezia kontuan izanda, gazteen kasuan batez ere, poztekoa da hain gazte lanean hasi izana eta hemen jarraitzea. Eta, batez ere, gustura egotea.
3. Herri ezberdinetan egon zara lanean.
Leitzako bulegoan hasi nintzen eta han urte eta erdi inguru egon nintzen. Ondoren Sakanara egin nuen salto. Etxarri Aranazko bulegoan 5 urte eta erdi egon nintzen eta Lakuntzakoan pandemia hasi baino bi aste lehenago hasi nintzen. Urte eta erdi pasatxo daramat Lakuntzan.
4. Herrien artean aldea dago? Traturako ezberdinak al gara?
Nik uste ezetz. Herri txikietan –Leitza, Etxarri Aranatz, Lakuntza...– jendea oso-oso gertukoa da. Herri hauetan hasi baino lehen hilabete bat egon nintzen Sarrigurenen, eta hor nabaritzen zen hiriko jendea zela. Beste tratu mota bat zen.
5. Nola animatu zinen Laboral Kutxako publizitate kanpainan aritzera?
Uztail hasieran posta elektronikoa bidali ziguten Laboral Kutxako langileei. Langileekin publizitate kanpaina bat egingo zutela, eta ea parte hartu nahi genuen. Esan zigutenez, 50 langile inguru animatu ginen. Casting antzeko bat egin omen zuten, baina ni oporretan nengoen eta selfie bat bidaltzeko esan zidaten. Hori izan zen nire casting guztia. Eta hortik 15 lankide hautatu zituzten kanpainarako, ni barne. Pentsatzen dut zonaldeka, adin ezberdinak, gizonak eta emakumeak… hori guztia kontuan hartuta aukeratuko gintuztela.
6. Halako kanpaina indartsua izango zela espero zenuen?
Izan behar zenetik, edo niri behintzat esan zidatenetik, izan denera ez du inolako zerikusirik. Kanpaina hamabost langileen artean gehiago orekatuko zutela espero nuen, baina ETBko spotean, esaterako, bizpahiru pertsona gara protagonistak, eta gero beste 12ak bigarren mailakoak dira. Baita bulegoko karteletan eta hirietako markesinetan. Adibidez, Iruñean markesina pilo bat daude nire aurpegiarekin. Zornotzako neska bat eta biok gara pixka bat protagonistak, baina guk hori hasieran ez genekien. Kanpainaren premierra egin zigutenean ikusi genuen.
7. Non grabatu zenuten?
Kalean, bakoitza Euskal Herriko leku ezberdin batean. Bi egun ezberdinetan grabatu genuen, nire kasuan Iruñeko Sarasate pasealekuan. Bideoak bulegoaren aurrean eta argazkiak pasealekuan, zuhaitzen artean, Foruen Monumentuaren ondoan.
8. Nolakoa izan zen grabazioa?
Publizitate arloko lankideak esan zigun jantzien arduraduna gurekin jarriko zela harremanetan. Whatsappez argazki bat bidali zidaten, 8-10 modelo ezberdinekin, eta antzeko arropa izanez gero, grabazio egunera eramateko. Laboral Kutxan ez gara trajearekin janzten, informalagoak gara, eta freskotasun hori kanpainan ere islatu nahi zuten. Nire arropa eraman nuen eta eurek aukeratu zuten. Horretaz gain, makillajekoak zeuden, ile-apaintzaileak… denetarik. Sarasateko bulegoan muntatu zuten guztia. Soinuarekin ibili ziren bueltaka, petaka ez zen ikusi behar, argia ere gehiegizkoa zen... izan ere uztailean grabatu genuen, sekulako beroa egin zuen egun horietako batean, eta gu txaketarekin, izerditan…
9. Zenbat denbora egon zineten grabatzen?
Esaldi edo hitz berdina 50 aldiz errepikatuko nuen, ziurrenik. Gu ez gara profesionalak, eta orduan hori nabaritzen da. ETBko iragarkietako bideoak egiteko, irratiko kuñak egiteko eta argazkiak egiteko hiru ordu eta erdi inguru egon ginen. Niretzat oso luzea izan zen: beroa eta natural geratu arte errepikatu beharra… Altsasuko telesaila grabatu zuen talde berdinak grabatu zuen; oso tipo jatorra, konfiantza eman zigun. Atzetik jende pila bat zegoen, 15 pertsonatik gora.
10. Kanpaina ikustean nola sentitu zara?
Hasieran arraro, nik ez baitut sekula aurretik halakorik egin. Grabatu ondoren pentsatzen nuen, baina zer egin duzu, baina gero oso gustura, emaitza polita delako eta batez ere jendeak aipatzen didanagatik. Gertukoek bazekiten, baina gainontzekoek ez, eta mugikorra mezuz, aipamenez eta irudiz beteta dut. Madrilen eta Zaragozan lagunak ditut, eta hango bulegoetan ere kartelak jarri dituzte. Haraino heltzea sekulakoa da, ez?…(kar, kar). Dena den, nire burua karteletan ikusten dudanean arraro sentitzen naiz. Iruñean Carlos III.a Etorbidetik noanean pentsatzen dut: norbaitek ezagutuko nau, konturatuko da horko kartelean dagoen pertsona eta ni berbera garela? Sentsazio ezberdina da, berria. Esaterako, larunbatean, Altsasuko ferietan, jende dexente hurbildu zitzaidan ea ETBko iragarkikoa ote nintzen galdetzera. Baina kanpaina urria bukaeran despedituko da eta fama bukatuko zait! (kar, kar).
11. Kanpainak sekulako indarra du. Kaleko edozein markesinatan, ETBn, Laboral Kutxako bulegoetan eta beste hainbat webgune eta tokitan, han agertzen zara zu.
Bai, izugarria da. Azkenean ETB hemen asko ikusten da. Laboral Kutxak Teleberriko Kirolak babesten ditu, eta hor, egunero 10 segundoko spota ikusten da. Bestalde, Laboral Kutxako webgunean lehendabiziko aurpegia nirea da, eta Iruñera joaten den edozeinek ikusten nau. Lakuntzako bulegoan ere sarritan esan izan didate, ikusi nautela. Ez dakit kanpaina honek enpresarendako emaitza ona izango duen ala ez, baina publizitate arloko arduraduna pozik zegoen emaitzarekin, eta ni ere. Esperientzia gisa, oso polita izan da.