Nafarroako etorkizunaz aritu nahi duen dinamika

Guaixe 2021ko urr. 22a, 09:50

Nafarroa XXI dinamikaren aurkezpena Nafarroako Jauregiaren parean egin zuten. @Na21org

Nafarroa XXI ekimenak Foru Hobekuntzari buruzko "herri kontakizuna" egin nahi du.  Horretarako, azaroaren 19an, Altsasun lan jardunaldia antolatu du. Azaldu dutenez, “Nafarroa bere orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaidari ekiteko prest da”. 

Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean aurkeztu zuen bere burua Nafarroa XXI dinamikak larunbatean. Sustatzaileek azaldu zutenez, “gure koiunturaren eta etorkizun politikoaren inguruko eztabaida lehenbailehen zabaltzea aldarrikatzen dugu”. Gaztigatu zutenez, “irekiera hori jendarteak sustatu behar du”.  

Heldu den urtean 40 urte beteko dira Foru Hobekuntzari buruzko Legea onartu zela. Nafarroa XXIeko kideek “larrituta” daude, “Nafarroaren autogobernu galerarekin; gobernu zentralaren, Bruselaren, merkatuen eta multinazionalen aurrean geroz eta botere politiko ahulagoa dugula ziur- tatzeaz. Nafar gizartea bere burua gobernatzeko gaitasuna galtzen ari da”. Aldi berean, gogorarazi dute “Nafarroa izan zela bere estatutua bozkatzeko erreferendumik izan ez zuen estatuko komunitate historiko bakarra” dela; “gaur egungo nafar biztanleriaren hiru laurdenak ez zuen ez parte hartu eta ez bozkatu lege haren aprobazio prozesuan. Hori konpondu beharreko defizit demokratikoa da”. 

Horregatik, dinamikan uste dute, “guztion artean Foru Hobekuntza nola egosi zen kontatuko duen herri kontakizun bat osatzeko ordua” dela. Nafarroa XXI zabaldu eta kontakizunerako ekarpenak jasotzeko Nafarroan barna hainbat lan jardunaldi eginen dituzte, tartean, Altsasun, azaroaren 19an. Nafarroa XXIeko sustatzaileen iritziz “bada garaia Nafarroa demokratikoago eta sozialago baten norabidean pausoak emateko, eskubide eta askatasun gehiago izango dituen Nafarroa baterantz”. 

Manifestua 
Dinamikak manifestua argitaratu du, dagoeneko 108 nafarren babesa jaso duena. Horien artean sakandarrak daude: Lakuntzako Luis Igeltz, Arbizuko Peio Urzelai Agirre eta Ane Zaldua Larraza eta Altsasuko Esther Arregi Mendia, Gurutze Arregi Mujika, Aingeru Azazeta Villareal, Jose Antonio Donlo Becerril, Eusebio Donlo Becerril, Emiliano Ramos Holgado, Josu Rubio Mendiluze,  Javier Unamuno Asarta eta Joakina Zubiria Galarza.