Lizarragarako errepidea berrituta

Guaixe 2021ko urr. 27a, 09:01

Zoru berria jarri eta eskuin aldean porlanezko ezponda egin dute. Sakanako Autobian (A-10), Lakuntza eta Altsasu artean, hainbat zatitan ere zorua berritu du Nafarroako Gobernuak. Lanetara 950.000 euro (BEZ barne) bideratu ditu gobernuak.

Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak Lizarraga eta Etxarri Aranatz arteko errepidea hobetu du. Asfaltos de Biurrun SA enpresak egin lanak. Errepideko hiru bat kilometrotan zoru berria jarri dute, Etxarri Aranazko Txiñarmuño dermiotik Lizarraga pasa ondorengo errebuelta handiraino, Aranaundiaraino. Gainera, esandako Etxarriko dermiotik Lizarraga bertaraino errepidearen eskuineko ezponda porlanezkoa egin dute. Lizarragako tunelean ere zorua berritu dute.  

Guztira 7.200 tona pasa hormigoi bituminoso erabili dute. Errepidean, dagozkion arrastoak margotzearekin batera, Lizarragan lehengo bi zebrabide goratuak ere egin dituzte, Intxorreta kalearen parean bata, kontzeju etxearen parean bestea. Lan horiek 560.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan dute. 2020ko Nafarroako Errepide Sarearen edukiera neurketaren arabera eguneko 916 ibilgailuren bat du aipatu errepideak, eta haren % 5 garraio astuna da.  

Sakanako Autobiako (A-10) hainbat puntutan zorua zaharkituta zegoen, eta Departamentuak berritu egin du; baita Etxarri Aranazko herriko autobia sarrera-irteerako bidegurutzean konpondu ere. Lan horietan 4.400 tona inguru erabili dituzte. Lanek 390.000 euroko (BEZ barne) kostua izan dute. Autobia eguneko 14.000 ibilgailuk erabiltzen dute, %14 ibilgailu astunak. Nafarroako Gobernuak joan den urtean Lizarragako portuko zorua konpondu zuen.