Astekaria

Iñigo Aritza ikastolak 50. urteurrena ospatuko du

Guaixe 2021ko urr. 26a, 10:07

Josu Reparaz Leitza (NIEko zuzendaria), Leire Baztarrika Sanz (ikastolako zuzendaria) eta Olatz Aldaz Olmedillo (ikastolako lehendakaria).

Ikasturtean hainbat ekintza aurreikusi dituzte, lehendabizikoa Eñaut Elorrietak larunbatean eskaini zuen kontzertua. Ikastola "herritik sortua eta herriarendako lanean diharduena, kooperatiba izaeran ardaztuta dago".

Leire Baztarrika Sanz Iñigo Aritza ikastolako zuzendaria da. Aitortu duenez, “aurtengo ikasturtea berezia da guretako. 50. urte betetzen ditugu, eta Ikastolak beti egin izan duen bezala, herriari eskaini nahi dizkiogu gure ikuspegi eta balioak, euskara eta euskal kultura ardatz eta helburu izanik”. Zuzendariak gaineratu duenez, “gure Ikastolak mende erdia darama bide urratzaile zereginean haziak ereiten; izan ere, gure lehen pausoak Olatzagutian eman genituen, eta ondoren Altsasun eta Urdiainera zabaldu zen. 50 urte euskara eta euskal kulturan oinarritutako murgiltze ereduan haur eta gaztetxoak hezten”. Aitortza egin die sortzaileen: “kooperatibismoaren eskutik, murgiltze eredua sustatzen zuen hezkuntza eredu aitzindariaren hazia erein zuten”. 

Baztarrikak aukera baliatu du “ikastolako komunitatea osatzen dugun familia, familia ohi, langile, langile ohi, ikasle eta ikasle ohiei, mila zorion” emateko. “Gaur egun, 300 haur eta 200 familia baino gehiagok osatzen dugu ikastolako komunitatea, duela 5 hamarkada gutxi batzuk hasi zuten bidea Burundan errotu denaren seinale. Makina bat erronka izan dugu bidean, eta datozen urteetan beste hainbesteri ere aurre egin beharko diegu”, esan du zuzendariak. Urteurren ospakizunek ikasturtea hartuko dute eta Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordian izanen direla jakinarazi du. Baztarrikak “herritar guztiak gure ospakizunetan parte hartzera eta gurekin gozatzera animatzen ditugu”. 

Historia eta balioak 
Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) zuzendaria den Josu Reparaz Leitzak “Iñigo Aritza ikastolaren proiektua posible egin duten guztiei gure zorionik sentituena” helarazi die. Reparazek ziurtatu duenez, ikastolaren sortzaileak “borondate hautsiezineko gizon eta emakume taldea” zen, “beren zeregina ekintzan oinarritu zuten, sustraiak ahaztu gabe etorkizunean pentsatzeko kultura irekia sortuz”. NIEko zuzendariak gaineratu duenez, “Iñigo Aritza ikastolaren historia, ideologia, kredo eta izaera anitzeko pertsonen mosaikoa da. Helburu komun batekin lan egin zuten pertsonen historia da, beraz, auzolan erraldoi baten kontakizuna da. Pertsona ausarten ondarea, zeintzuk zailtasun guztiei aurre eginez, beren bihotzen barrenean zegoena, zanpatua, ezkutatua, baina bizia, berrosatzea erabaki zuten”. 

Reparazek azaldu duenez, “50 urte geroago, Delors txostenak XXI. menderako hezkuntza erronkak planteatzen dituen oinarriak praktikan jarri zituen hasieratik ikastolak. Hau da, ikasleek izaten ikasi, ezagutzen ikasi, egiten ikasi eta lagunartean bizitzen ikasiko duten”. NIEko zuzendariaren esanetan: “Iñigo Aritza ikastola, lurraldean errotutako eskola eredu laiko, anitz, solidario, ekintzaile, berritzaile eta parte-hartzailea da, modu demokratikoan parte hartzen ikasten duena eta sarean lan egiteari garrantzi handia ematen diona, familiekin hurbiltasunean eta auzoarekin, herriekin etengabeko loturan, gizarte parte-hartzaile bat sortzeko ahaleginean”. 

Gaineratu duenez, “eskola eredu hau, herritik sortua eta herriarendako lanean diharduena, kooperatiba izaeran ardaztuta dago, eta horrek bere izaera definitzen du: gizarte hobe bat lortzeko lan egiten du, berdintasun, parekidetasun, zintzotasun, gardentasun, elkartasun, ardura eta gizarte integrazio eta eraldatze baloreak sustatuz zerbitzu publiko kooperatiboa eta kalitatezko irakaskuntza eskainiz”. Azkenik, Reparazek nabarmendu duenez, “Iñigo Aritza ikastolak beti transmititu nahi izan du zer aberastasun dakarren eta zer gustu sortzen duen ikaskuntzak, originaltasuna aprobetxatzeko gaitasunak, kultura autoktonoaren arrastoak, indar eta positibotasun partekatuak, hezkuntza hazkunde eta eboluzio gisa belaunaldi berrientzat... eta, hori guztia, auzolanaren ohitura errotuaren baliotik abiatuta”.