Astekaria

Errigorako saskiak eskatzeko garaia da

Guaixe 2021ko aza. 1a, 14:01

Errigorako kanpaian prestatzeko egindako bileran elkartutakoak. ERRIGORA

Azaroaren 11ra arte www.errigora.eus web orrian eska daitezke, bestela, herrietako ohiko tokietan. Bildutako diruaren laurdena Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari bideratuko zaio  

Udazkenero 2013tik Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpainarekin, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako zareak eskaintzen ditu Errigorak. Aurten herriak egiten du herria leloa aukeratu dute kanpainarako. “Denbora gehiegi joan zaigu aldaketaren zain; guk geuk alda dezagun bestela izatea nahi genukeen hori. Herria egiten du herria”, adierazi dute ekimenaren sustatzaileek. 

Errigorak hiru zareko eskaintza osatu du: beltza (55 euro), berdea edo ekologikoa (65 euro) eta txuria edo berezia (75 euro). Aurreko urteetan bezala saskiak milaka etxetara eramaten ditu Errigorak, auzolanean. Eta horri esker, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten dio. Izan ere, saski bakoitzaren balioaren %25 ematen zaie aipatu eskualdeetako AEKri, Nafarroako Ikastolen Elkarteari, D eredua sustatzen duen Sortzeni eta Agerraldiari. 

Azken hori Errigoraren eskutik sortu da, baina izate eta forma propioa du, bertatik bertarako mugimenduarena. Garestik Kortesera eta Zangozatik Bianara, eremu horretan euskarari hauspo berria emateko ezagutza bultzatu, erabilera sustatu eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortu nahi ditu. Beti ere, eskualdeko bertako euskaltzaleek sustatuta. Agerraldiaren fruitu dira: euskarazko ludotekak 18 herrietan, euskara planak ekoizleen etxeetan, Union Tutera kirol klubaren sorrera, euskararen egunak, hizkuntza paisaia euskalduntzeko ekimenak, bertso eskolak, memoria feministaren erakusketak edota sentsibilizazio kanpainak. Errigoratik azaldu dutenez, saskien bidez lortutako dirua “bertako euskalgintzari ekonomia ekarpen handia egiten dio”. 

Errigorak bere burua “Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritar” gisa definitzen du. “Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den eskualdean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz” gaineratu dute.

Saskiak 
Beltza 
Orburuak
Zainzuri txuriak
Pikillo piperrak
Oliba olio birjina estra
Ardo botila
Melokotoia almibarrean
Melokotoi marmelada
Tomate frijitua
Potxak
Teilak
Mahats zukua
Piper mamia
Kardua
2022ko egutegia

Berdea, ekologikoa
Orburuak
Zainzuri txuriak
Pikillo piperrak
Olio olio birjina estra
Ardo botila
Ardo ozpina
Dilista lehorrak 
Arroza
Pasta
Barazki menestra
Sagar zukua
Leilak
2022ko egutegia

Txuria, berezia
Orburuak
Zainzuri txuriak
Pikillo piperrak
Olio olio birjina estra
Ardo botila (ondua)
Ardo txuri apartsua
Patxarana
Pikillo piper marmelada
Txokolatezko zigarretak
Patxaran pastak 
Polboroiak
2022ko egutegia