Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak Naturanitzean Gozatzen programa antolatu dute elkarlanean, Sakanako natura ezagutu, kirol praktika berriak sustatu eta lagun berriak egiteko. Programa ilbeltzean hasi zen, eta ordutik Sakanako txoko eta mendi ederretan barna hainbat irteera edo ekimen antolatu dira. Hurrengoa lastailaren 31n, igandearekin, izanen da: Naturaren hizkuntza ikasi eta ezagutu lelopean San Pedro eta inguruko paraje eta harizti ederretan egingo den ibilbidea.
Hostoekin herbarioa osatu
Hitzordua hilaren 31, 10:00etan izanen da, Altsasuko eta Urdiaingo San Pedron. Bi ordu inguruko iraupena izango duen ibilbide zirkular bat egitea da asmoa, zailtasun txikikoa. Familian edo bakarka egiteko jarduera aproposa izanen da. Ibilbidean naturaren hizkuntza ikasi eta ezagutu nahi da, eta, horretarako San Pedroko eta inguruetako harizti bikainetako hosto desberdinak aztertu eta egur hilean bizi diren animaliak ezagutuko dituzte. Herbario ederra egingo dute.
Txangorako arropa egokia eta zola ona duten zapatilak edo mendiko botak eraman beharko dira, eta baita haizetik babesteko moduko zira. Ura eta hamaiketakoa norberak eraman beharko du. Jarduera euskaraz izango da, eta norbaitek ez badu ulertzen, erdaraz emango zaizkio azalpenak.
Izena ematea
Astelehenera arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus) edo Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuan (648 07 07 10 edo anitzartean@sakana-mank.eus). Leku mugatuak daudenez, lekuak izen emate ordenaren arabera beteko dira (gutxienez 6 eta gehienez 18). Prezioa: 10 euro (10 eta 25 urte bitartekoek edo 65 urte gehiagokoek, 5 euro).
Programaren helburuak
Mank-eko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikari Bego Zestauk aski ondo azaldu zuen Naturanitzean Programaren helburua: “Sakanan natura anitza da, orduan goza dezagun naturak eskaintzen digunaz. Bide batez kirola egingo dugu, osasuntsua dena. Kirola ere anitza denez, programazioan kirol ezberdinak egiteko proposamena egin dugu. Eta, bukatzeko, jende anitzen artean egingo dugu. Horrek ekarri ahalko digu elkar ezagutzen ez dugun pertsonek goiza elkarrekin pasatzea, modu baikorrean, egunaz gozatuz. Hori da helburua, aniztasun hori guztia uztartzea”.