Pilota

Ezkurdia, aurreko urteko arantza kentzera

Guaixe 2021ko urr. 22a, 10:30
Joan den urteko Lau eta Erdian Erik Jakak Joseba Ezkurdia finalerdietan txapelketatik kanpo utzi zuenean.

Igandean Joseba Ezkurdiak Erik Jakaren kontra Astelenan jokatuko duen partida ez da erabakigarria izango, arbizuarra kaiolako finalerdietara sailkatu delako eta lizartzarra aukerarik gabe dagoelako. Baina joan den urtean Jaka izan zen Ezkurdia txapelketatik kanpo utzi zuena, eta arbizuarrak arantza kendu nahi du.

Astelehenean Lau eta Erdiko ligaxkako 2. jardunaldia itxi zuen partidan Unai Lasok 22 eta 8 irabazi zion Erik Jakari eta kaiolako B multzoa erdi erabakita geratu zen: Joseba Ezkurdia zuzenean sailkatu da finalerdietara, orain arte jokatutako bi jardunaldiak irabazita, Erik Jaka aukerarik gabe geratu da, orain arteko bi jardunaldiak galdu eta gero, eta finalerdietarako beste hautagaia Unai Lasok eta Mikel Urrutikoetxeak ostiralean Zallan jokatuko duten partidatik aterako da. Beraz, Ezkurdiak eta Jakak igandean Eibarko Astelenan jokatuko den partida ez da erabakigarria izango. 

Hala ere, Ezkurdiak orain arteko sentsazio onei eutsi nahi die eta igandean Erik Jakaren kontra irabaztera aterako da. Joan den urtean Jakak finalerdietan kanporatu zuela kontuan hartuta, are gehiago, arantza hori kendu nahi baitu arbizuarrak. Beraz, partida lehiatua izango dela ez dago zalantzarik, Erik Jaka aurreko urteko finalista izan zela kontuan hartuta –Altunaren kontra galdu zuen finala– aurtengo denboraldia, bederen, garaipen batekin despeditu nahi duelako. 

Finalerdietara begira
Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak asteazkenean aukeratu zuten igandeko ligaxkako partidako materiala. Ezkurdiak aitortu zuen aste honetan lan fisikoa handitu duela, finalerdia prestatzeari begira, baina, nahiz eta finalerdietarako sailkatuta egon, igandean Jakaren kontra “partida serioa” egin nahi duela. “Finalerdietan nago, baina hala ere Eibarren partida serioa egin nahi dut, konfiantza sendotu eta sentsazio positiboei eusteko” azaldu zuen. Arbizukoak Altuna III.aren eta Bengoetxea VI.aren asteleheneko partidako irabazlea izango du arerio finalerdietan. “Biak ala biak arerio latzak dira, joko agresiboa egiten dutelako. Hortaz, finalerdi zaila dut aurretik. Baina niretako Jokin Altuna da faboritoa” azaldu zuen. 

Beste multzoa
Lau eta Erdiko beste multzoan, A multzoan, egora antzekoa da. Altuna, Elordi, Peio Etxeberria eta Bengoetxea daude multzo honetan, eta ligaxkako 2 jardunaldi jokatuta Peio Etxeberria izan da finena, bi partidak irabazi baititu. Kontrako aldean dago Aitor Elordi, jokatutako bi partidak galduta. Hortaz, biek larunbatean Labriten jokatuko duten partida, ligaxkako hirugarrena, ez da erabakigarria izango, Peio Etxeberriak dagoeneko finalerdietarako txartela lortu duelako eta Elordik aukerarik ez duelako. Finalerdietako beste hautagaia Altunak eta Bengoetxeak astelehenean, urriaren 25ean Tolosako Beotibarren jokatuko duten partidatik aterako da.  

Joanes Bakaikoa, irabaztera
Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketa ongi hasi zuen Joanes Bakaikoak. Belauneko lesioa gainditu berri, ongi dago etxarriarra, buruz eta sasoiaz. A multzoan ari da etxarriarra, Zabalarekin, Salaberriarekin eta Alberdirekin batera. Hasierako ligaxkako 1. jardunaldian Bakaikoak 5 tantotan utzi zuen Alberdi, baina 2. jardunaldian 12 eta 22 galdu zuen Zabalaren kontra. Zabala dagoeneko finalerdietara sailkatu da, bi garaipenekin, eta Salaberria aukerarik gabe dago, bi partidak galdu baititu. Hortaz, Bakaikoa edo Alberdi izango da beste finalista. Baina horretarako asteburu honetan jokatuko den 3. jardunaldia irabazi beharra dute. Bakaikoak Salaberria izango du aurkari asteleheneko Beotibarko jaialdia zabalduko duen partidan, eta, Alberdik Zabalaren kontra jokatuko du ostiralean Azpeitian. 

Promozioko B multzoan lehiatzen ari diren lau pilotariek –Darío, Zubizarreta, Egiguren eta Larrazabal– finalerdietara sailkatzeko aukerak dituzte. Larunbatean Ataunek Zubizarretaren eta Larrazabalen partida hartuko du, eta igandean Eibarko Astelenak Daríoren eta Egigurenen artekoa.