"Ez du negar egitea merezi", "Indartsuagoa izango zara orain" eta antzeko esaldiak behin eta berriz. Egoera zailen aurrean poztuko omen zaituen esaeraren bat: "Zulo beltzetik aterako zara", "Ondo aterako da","Lasai egon"... Kokoteraino nago. Ez dugu minaren sentimendua onartu nahi eta "porrotari" beldurra diogu. Bizitzako egoera mingarriak erromantizatzea are mingarriagoa zaigu, errealitatea ikusezin bihurtuz geure burua engainatzen baitugu. Sufriarazi egiten diguten jazoeren gaineko irakurketa egin beharrean edozein albo kalteri izkin egin eta utopia berdinaren esklabu gara. Eta noski, egoera gogor desberdin asko daude; ez naiz ari egoera horiei "aurre" egiteaz –edozein kasutan ez baita lan erraza eta arazoetatik deskonektatzeko edozein baliabide baita "aitzakia"–. Triste sentitzen garela onartzeko eta adierazteko beharra aldarrikatzen dut soilik, arazotik aldentzen gaituen jarrera erromantikotik urrun. Geure burua egoera korapilatsuetan ezagutzea beharrezkoa da, geure bertsio zaurgarrienari galderak egin eta erantzunetan galtzea. Helmugarik gabeko bide horretan galtzea, gizatiarra baita.