Munduko hamar emakumetik hiruk bakarrik egiten du zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematikaren (STEM) eremuko ikasketaren bat. Ingeniaritzan eta informatikan are baxuagoak dira datuak gainera, emakumeen presentzia %8koa eta %3koa baita, hurrenez hurren.
Emakumeok STEM eremuan erreferenteak izatea garrantzitsua da. Erreferente hauek ezagutze aldera, ekimen asko ari dira sortzen gure inguruan, baina gaur aurkitu dudan xelebreenarekin natorkizue: “STEM emakumeen egutegia”.
Egutegi honetan, zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematikan dauden emakumeen efemerideak aurki ditzakezu. Zure urtebetetzean zeinek beteko zituen urteak ikus dezakezu, eta ikasten joan, zein zen emakume hori, zer egin zuen... 700 emakume daude gutxi gorabehera sartuta.
Jolas dezagun!
- Martxoak 31 (nire urtebetetzea): Joan Feynman jaio zen. 8 urte zituenean bere amak “emakumeek ezin dute zientzian jardun, beren burmuina ez dagoelako horretarako prestatuta” esan zion. Horrek ez zion geldiarazi eta Joani esker auroren jatorria ulertu dugu.
- Ekainak 24: Alice Ball jaio zen. Estatu Batuetako kimari honek, olio injektagarri baten estraktua garatu zuen, antibiotikoak asmatu ziren arte legenarraren aurkako tratamendurik eraginkorrena izan zena.
- Azaroak 9: Hedy Lamarr jaio zen 1914an. Aktore izateaz gain, Casablanca estreinatu zen urte berean, Hedy Lamarrek komunikazio sistema sekretu bat diseinatu eta patentatu zuen George Antheil konpositorearen laguntzaz. Frekuentzien kommutazioan oinarritutako asmakizunari esker, torpedoak irrati bidez gidatu zitezkeen, etsaiek antzeman gabe. Honek WiFi datu-komunikazioa ahalbidetu zuen.
- Abenduak 10: Ada Byron jaio zen 1815. urtean. Historiako lehen programatzailea izan zen. Egun berean, baina 88 urte beranduago, Marie Curiek Nobel saria irabazi zuen, Nobel saria irabazten duen lehen emakumea. Gainera, 1911n, bigarren Nobel saria irabazi zuen, horrela, bi Nobel sari irabazten lehenengo pertsonan bihurtu zen. Bere lehenengo lanak berunezko kaxa batean daude gordeta, duten erradioaktibitatearen ondorioz.
Gainontzeko datak, https://labur.eus/STEMegutegia estekara sartuz aurkituko dituzue. Disfruta ezazue ikasten.