Tokikom Sariak azaroaren 12an banatuko dituzte

Guaixe 2021ko urr. 26a, 08:49

Tokikomen aurreko jardunaldi batean telefono mugikorren erabilera posibleez aritu ziren hizlariak.

Euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak bere sarien banaketa ‘Komunitatea josten’ jardunaldien baitan eginen du. Haien bidez BBC, eldiario.es eta Het Belang van Limburg hedabideen esperientziak ezagutzeko aukera izanen da.

Hedabideetan pandemiak hainbat arrasto utzi ditu, eta horietako bat izan da Tokikom-en jardunaldiak ez egitea joan den urtean. Euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen Tokikom-ek. Urtero antolatzen dituen jardunaldiak Tokikom komunitateko kideak aurrez aurre elkarren berri izan, hausnartu, ideiak trukatu, ikasi eta indartzeko balio dute. Baita Tokikom Sariak banatzeko ere. Joan den urteko etenaren ondoren, tokiko euskarazko hedabideen jardunaldiak azaroaren 12an izanen dira, Arrasateko Garaia teknologia parkean. Komunitatea josten izenburua du aurtengo jardunaldiak.

Sariketa 
Tokikom Sariak euskarazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko asmoz sortu ziren. Aurten seigarren edizioa dute eta antolatutako jardunaldian azalik onena, edukirik onena, ikus-entzunezkorik onena eta publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria emanen dira. Lehiaketara 57 lan aurkeztu dira eta epaimahaiak 9 finalista aukeratu ditu. Haien artean, atzera ere, Guaixe dago, Azalik onenaren saria eskuratzeko hautagai baita. 

Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute eta, nabarmendu dutenez, “igarri da pandemiak aukera eman duela lanketak era pausatuago batean egiteko”.

Jardunaldia
Sari banaketarekin batera Tokikomek jardunaldia antolatu du, euskarazko hedabideetako profesionalei zuzendutakoa. Komunitatea josten izenburuarekin, hainbat tamainatako hedabideen eta haien eta beraien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko dituzte. Horretarako, nazioarteko adituak gonbidatu dituzte. Tokikom-eko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan gertatzen denari adi egotearen garrantzia azpimarratu du: “ekartzen ditugun profesionalekin dugun harremanak erakutsi digu badugula nondik ikasi”.

Tokikom-ek EiTBren laguntzaz eta Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesaz antolatu du jardunaldia. Jardunaldira sarrera doakoa izanen bada ere, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, segurtasun protokoloak betetzeko. 

Hizlariak
BBCren Local News Partnerships egitasmoa
BBC irrati-telebista publikoak Britainia Handiko toki komunikabideekin garatzen ari den Local News Partnerships egitasmoaren berri izanen da, egitasmoa zuzentzen duen Matthew Barracloughek emanen du haren berri. Tokikom-ek eta EiTBk denbora daramate egitasmo hori aztertzen, Euskal Herrian antzeko ekimenen bat abiatzeko aukerak baloratzeko.

Eldiario.es-en kidetza programa
Madrilgo eldiario.es egunkari digitala ezaguna da mundu mailan bere kidetza programa arrakastatsuagatik. Nagusiki digitala den komunikabideak lan bikaina egin du bere kideen figura garatzeko, harpidedun soilaren figura gainditu eta benetako komunitate baten parte izan daitezen. Kidetza programa zuzentzen duen Esther Alonsok emanen du haren berri xehetua.

Het Belang van Limburg. Euskarri anitzeko planteamendua
Flandriatik, Het Belang van Limburg egunkari hiperlokalak ere lanketa sakona egin du kideen figura uztartzeko lantzen dituen euskarri ezberdinekin: papera, webgunea eta aplikazioa. Bertako kide den Arno Schepersek azalduko ditu xehetasunak jardunaldian.

Egitaraua 

  • 09:00-09:15 Harrera.
  • 09:15-09:30 Erakundeen ongi etorria.
  • 09:30-09:45 Tokikom-en urteko errepasoa.
  • 09:45 10:15 Tokikom Sarien banaketa.
  • 10:15-11:00 Esther Alonso (eldiario.es): Komunitatea lantzen, eldiario.es-en esperientzia (ES).
  • 11:00-11:15 Atsedenaldia.
  • 11:15-12:00 Arno Schepers (Het Belang Van Limburg): Komunitatea osatzen, Het Belan Van Limburg-en esperientzia. (EN)
  • 12:00-12:45 Matthew Barraclough (BBC): Local News Partnership. BBC eta toki komunikabideen artean josi duten komunitatea. (EN)
  • 12:45-13:00 Agurra eta ondorioak.
    * Ingelesezko hitzaldietan aldibereko itzulpena izango da eskuragarri.