Herri artea aldarrikatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 27a, 13:15
Arte Azoka azaroaren 4ra arte egonen da Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan.

Arte Azokak hamar urte bete ditu. Artebide elkarteak Altsasuko Ferien baitan antolatzen duen erakusketa da, eta helburu nagusia Sakanako artisten eta artista gonbidatuen erakusleiho izatea da

Ideia Manolita Thunders artista altsasuarrarena izan zela gogoratu du Helena Santanok. "Gure artean komentatzen genuen Altsasuko Ferietan ganadu eta nekazal produktuen azoka badaude, zergatik ez dugu arte azoka bat egiten?". Sakanan artista "asko" zeudela konturatu ziren ere. "Berak ideia bota zuen, guk baietz esan genuen, eta mugitzen hasi ginen".

Batzuetan ideiak airera botatzen dira, baina errealitate bihurtzeko jendea "mugitzea eta antolatzea" ezinbestekoa dela nabarmendu du Santanok. "Nik ideia horretan sinisten nuen". Iortia kultur guneko erakusketa aretoa erabiltzeko baimena eskatu zuten, eta ordutik hamar urte pasa dira. Hamargarren Arte Azoka mustu zuten, Altsasuko Ferien baitan, aurreko ostiralean. Ekitaldia artista eta herritarren topagune bihurtu zen, eta DJ Txenek musikarekin girotu zuen emanaldia.

Hamargarren urteurrenari, aldiz, ez diote "oihartzun" handirik eman. Urtero bezala mustutze ekitaldia egin zuten Altsasuko Ferietako ostiralean eta azaroaren 4ra arte zabalik egonen da. Igandean azoka kalera atera zuten. "Uste dut hasieran indartsuagoa zela, indar gehiago geneukalako". Ibilbide artistiko handia zuen jendea etortzen zela ere gaineratu du Santanok: "Hori bilatzen genuen ere, atentzioa deitzen zuelako". Koronabirusaren krisiak ere zerikusia izan duela aipatu du.

Herri mailako artea
Hasierako berritasuna ferietan urtero antolatzen den ekitaldi batean bihurtu zen. "Hausnarketa egin beharko genuke eta hemendik aurrera ea zer egingo dugun pentsatu". Santanori, esaterako, gai bat zehazten zutenean gehiago gustatzen zitzaion. "Horrela derrigorrez zerbait sortu behar duzu, ez da besterik gabe etxean dagoen lan bat hartzea eta ekartzea". Altsasuko Auziaren inguruan hausnartutako erakusketa egin zuten, esaterako, 2019. urtean.

"Niri interesatzen zait herri mailako eta interes artistiko desberdinetako jendea biltzea da". Arte Azokak Sakana mailan garrantzia handia dauka, herrietan artea egiten dela erakutsi duelako. "Herri artea aldarrikatzea, hemen ere errepresentazio artistikoa badagoela, eta herrietan ere artearen bidez aldierazten garela". Erakusketaren bidez herritarren "adimena eta pentsamendua" asko ireki dela uste du Santanok. "Etortzen dira eta betiko bizilaguna zarela ikusten dute. Egiten duzunak nortasun handiagoa irabazten du". Ondare kulturala sortzen ari dira, gaur egungo artea egiten ari dira, herrian. "Agente lanak egiten ditugu. Jendea ez da inoiz galeria batera sartuko, baina hemendik pasatzen dira eta sartzen dira". Artea egitera animatu ahal diete horrela ere.

Artisten eta herritarren topalekua da Arte Azoka ere. Mustutze ekitaldia horren adibidea da. "Niri interesatzen zaidana da herri mailako eta interes desberdinetako jendea biltzea da. Lehenengo urteetako jendearen harriduratik, gaur egungo interesera pasa direla azaldu du artistak: "Orain gerturatzen dira eta galdetzen dizute ea zer esan nahi duen lan batek, zer adierazi nahi zuen artistak… Galdetzera ausartzen dira, eta hori da bere buruari galdetzen diotelako". Prezioaz ere galdetzen dute, eta artistek ere zenbait lan saldu izan dituzte.

Ferietako erakusketa "gehiago mugitzea" aukera bat izan daiteke. Baina horretarako administrazioaren laguntza gehiago behar dutela kritikatu du Santanok. "Guk hau egiten dugu nahi dugulako, barrutik sortzen zaigulako. Baina pixka bat zaintzea eta laguntzea eskatzen dugu". Eskakizunak sinpleak dira: "Aretoa bi asterako utzi beharrean hilabete baterako uztea, izan ere, kanpoko artistak datoz, Madrildik eta Bartzelonatik, eta bidai luzea da hain denbora gutxirako". Kultura "beste modu batera" zaindu behar da; "sareak egiten", eta Arte Azokak saretzeko ahalmena erakutsi du.

Topagune
Patxi Aldunate eta Alfredo Murillo artistek Cabeza de Artista kolektiboa osatzen dute. Artista gonbidatuak dira, eta Aldunate Iruñetik etorri zen mustutzera. Bigarren urtez parte hartu dute Arte Azokan, Sakanako "oso lagun mina" dutelako. Gonbidapenari erantzun zioten bitan, "eta gonbidatzen bagaituzte etortzen jarraituko dugu". Momentu honetan Acéphale erakusketa zabalik dute Iruñean ere.

Aldunate "oso gustura" etorri da erakusketara. "Altsasura etortzea beti plazera da". Iortiako erakusketak artisten topagune bezala "garrantzia handia" duela esan du. "Artistak ezagutzen dituzu, bere burutazioak…". Herrietan egiten den guztiak "garrantzia handia" duela esan du artistak ere. "Hemengo jendearekin sustatuta eta kanpoko artistak ekartzen dituzte; topagune oso aberatsa eta aberasgarria da". Artearen munduan, gainera, "aktiboa" izan behar dutela azaldu du Aldunatek, "gonbidatzen zaituzten tokitara joan behar duzu".

Arte Azokan artistek erakusketarako propio sortutako artelanak biltzen dira, baita aurretik egindako lanak erakusteko berreskuratzen dituztenak. Denboraren, gogoaren eta inspirazioaren araberakoa izan ohi da. Cabeza de Artistak Sakanako erakusketarako sortutako lan bat aurkeztu du. Aurreko urtekoan ere propio sortutako lan bat ekarri zuten. "Guk beti egiten dugu lan toki jakin baterako. Honetatik ez da beste toki batera joango. Tailerrera joango da, eta hurrengorako beste obra bat aurkeztuko dugu".

Kolektiboaren teknika berezia da; paperean egiten dute lan eta laser batekin marrazkiak grabatzen dituzte. "Tailerrean izugarrizko laser makina bat dut. Horrekin papera moztu edo grabatu daiteke. Kasu honetan papera zenbait tokitan gardena gelditzeko grabatzen dut". Horrela, zirrikitu horietatik, argia pasatzen da. "Teknika liluragarria da". Arte kritikoa egiten dute, eta Arte Azokak lanerako arkitekto modernoek inguru ez egokietan egiten dituzten "traste handi horiek" kritikatu nahi izan dituzte. Piezan eraikin bat ikusten da, baita burezur bat ere erdian. "Batzuetan jendeari ulertzea kostatzen zaio, baina horretarako etorri naiz inauguraziora, azaltzeko".

 

Erlazionatuak