Festaren arima

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 28a, 13:38

Txaranga Txorongo sortu zutenetik 25 urte bete dira aurten. Bi urteren ondoren, pandemian zenbait emanaldi egin badituzte ere, Altsasuko Ferietan kaleetara itzuli ziren. Jendearekin elkartzeko gogoa zuten

"Zergatik ez dugu txaranga bat sortzen?". 1996. urtean Haize Berriak banda hasi berria zen, eta Zelandin entseatzen zuten. Musikari gazteenek "beti bueltak ematen" zizkioten gaiari, izan ere, Lorenzo Gonzalez Urkizu Txaranga Txorongoko kideak azaldu duen bezala, "beti kanpoko txarangak eta jendea etortzen zen. Zergatik ez gara gu elkartzen?". Baietz pentsatu, eta entsegu batean bertan txaranga bat sortzea erabaki zuten. Arbizutik Olaztirainoko jendea biltzen zuen taldeak, tartean Esther eta Jesus Irisarri, txarangaren ideologo nagusietako bi. Txorongo, hain zuzen, Estherren ideia izan zen: "Behin txaranga sortuta izen bat behar genuen, eta Esther filologoa zenez hitz joko hau bururatu zitzaion: Txaranga Txorongo Txaranga"

Txaranga berria zen, baina musikariek txarangetan jotzen esperientzia handia zuten. "Esaterako, ni aurreko urtean Oberenan egon nintzen, sanferminetan, Irisarri Harmonia Txantreanan eta Pamplonesan egona zen, Tolosako inauterietara errefortzu moduan joaten ginen…". Baina Txaranga Txorongo Sakanako lehenengo txaranga "modernoa" izan zen. Altsasun egoitza zuen, baina ia Sakana osoko musikariak biltzen zituen. Aurretik Olaztin La Cigarra txaranga zegoen, baina herriko festetan ateratzen zen, eta olaztiarrek osatzen zuten. Txaranga Txorongo Sakanako lehenengo txaranga izan zen.


Txaranga Txorongo hasiberria. @TXARANGATXORONGO

Musikariak
Sorreratik hamabi pertsona inguru egon direla esan du Gonzalezek. "Txaranga baterako osatua: hiru perkusio, hiru tronpeta, bi saxo, tronboia, tuba, bonbardinoa…". Xabi Garziandia, Pedro Jimenez eta Javier San Felipe arduratu ziren perkusioaz, Constantino Gonzalezek, Juanpa Agirrek eta Peio Igoak tronpeta jotzen zuten, Lorenzo Gonzalez saxo jolea zen, Esther Irisarri eta Mikel Goñirekin batera. Txaranga sortu eta gutxira Olaztiko Sergio Gastaminza tuba jolea sartu zen formazioan, bonbardinoa Jesus Irisarrik jotzen zuen eta Javier Landa ere tronboiarekin hasi zen.


Duela 20 urte. @TXARANGATXORONGO

25 urte hauetan txarangan "etengabe" egon den bakarra Gonzalez izan da. "Lanagatik, familiagatik edo bestelakoengatik joan eta etorri asko egon dira". Baina inork ez du inoiz txaranga guztiz utzi. "Egunen batean laguntza behar badugu, eskatu, eta etortzen dira". Urteetan jendea txarangatik atera da eta sartu da. "Baina ofizialki ez da inor joan".

Azken urteetan odol berria sartu da txangan. Izagirre, Palacios, Otamendi, Pozik, Ginea, Cerezo, Zubieta, Lumbreras… "Bueno, Lumbreras gazte-gaztea ez da, baina lehen ez zegoen, eta orain sartu da". Txarangak beste 25 urterako duela aipatu du musikariak, "gu ez gara iritsiko, baina gazteak bai". 20 urte inguruko gazteak dira.

Lagunak
Txaranga bateko kidea izateko "musikarekiko pasioa" izan behar duzu. Baina horrekin ez da nahikoa. "Jendetasuna ere izan behar duzu". Gerta liteke musika kalitate oso oneko txaranga bat egotea, baina kideak atseginak ez badira, jendeak ez du txaranga hori nahiko. "Herri bat ez da bakarrik musikarekin konkistatzen". Gustu guztietara moldatzeko ahalmena izan behar du txaranga batek ere.

Publikoaren eta txarangaren arteko "konplizitatea" ere ezinbestekoa da. Baita txarangako kideen arteko harremana ere: "Ordu asko dira, eta harreman berezia sortzen da". Musikarien artean sortzen den "lotura berezi" hori. "Mundu bat da, eta elkarbizitza batzuetan zaila da. Onerako eta txarrerako. Edo harreman oso onak egiten dituzu edo guztiz apurtzen da harremana". Txorongoren kasuan "oso ongi" joan dela esan du. "Gustura ez dagoena joaten da, baina ez da horrelako kasurik egon, ez da inor joan gustura ez zegoelako". Jendea aldendu denean bizitzako kontuengatik izan da. "Zenbait arrazoirengatik ezin izan dute txaranga behar bezala eraman eta erreserban egotea erabakitzen dute". Baina guztiz utzi, ez.

Jende guztia festan dagoenean, txaranga lanean dago. "Eta disfrutatzen". Beste modu batera. "Bestela, gaur egun, ezin da eraman. Duela 25 urte hasi ginenean denak mugitzen gintuen: diruak, musika jotzeak… Baina, gaur egun, adin honekin, mugitzen gaituena ateratzea eta mugitzea da". Bizirik egotea, orokorrean. "Errutinatik deskonektatzen zaitu, eta orain gaztetxoekin eguneratuta zaude. Sartu berriak gure seme-alabak izan zitezkeen, eta denetarik ikasten duzu. Ideien elkartrukea dago".

'El Rey'
Txaranga Txorongoren lehenengo emanaldia 1997ko Etxarri Aranazko festetan izan zen. "Oso oinarrizko" errepertorioa jo zuten: kalejirak, pasodobleak, mexikarrak, vals-ak… "Zonalde honetan normalean jotzen dena". Denborarekin errepertorioa "asko" aldatu dela azaldu du Gonzalezek. "Batzuetan, Los 40 irratia garela dirudi". Reggaton abestiak ere jotzen dituzte. Jota eta porrusaldatik irratian entzuten ari den azken abestira arte jotzen dute. "Jendeak abesti horiek eskatzen ditu".

Baina badira txaranga batek ezinbestean jo behar dituen abestiak: "Nabaritu dugu 25 urte hauetan bogaz pasatu ez diren abestiak daudela. La chica yeye jotzen dugu eta jendea mugitzen da, El Rey mexikar abestia jotzen duzu, urte pila bat dituena, eta jendeak kantatzen du eta gozatzen du". Udako abestien boom-a pasatzen dela esan du. "Despacito, esaterako, inork ez du eskatzen dagoeneko". Modan egoten direnak, desagertzen dira.

Sakanatik mundura
Sanferminak, Guadalajara, Siguenza, Madril, Nijako inauteriak, Barcelona… Txaranga Txorongo toki askotan da ezaguna. "Lehen ez zegoen hainbeste txaranga, orain formazio asko daude". Txaranga asko egon arren bakoitzak bere berezitasunak dituela azaldu du Gonzalezek: "Bakoitzak dauka bere publikoa. Oso desberdina da Nafarroako iparraldea edo hegoaldea, esaterako". Errepertorioan, jotzeko moduan eta abarretan nabarmentzen dira desberdintasunak. "Erriberakoak azkar mugitzen eta dantzatzen hasten dira, guri gehiago kostatzen zaigu; entzutekoa da". Eguraldiagatik izango omen da.

Entseatzeko astean behin elkartzen dira, eta deitzen dieten edozein herritako festetan jotzen dute. Asteak pasa izan dituzte etxetik kanpo ere. "Egunak 24 ordu ditu eta txarangari eskaintzen dizkiozun orduak ez dizkiozu familiari eskatzen, adibidez". Sakrifizioa da. Senideek eta lagunek ulertzen dute. "Ia profesionala den zaletasun bat da". Hori da, agian, Gonzalezi txarangako kide gisa gutxien gustatzen zaiona: "zenbait gauza alde batera utzi behar dituzula. Agian festa egun batean koadrillarekin bazkaltzera joan nahi duzu, eta ezin duzu jotzera joan behar duzulako". Baina "zer dagoen" badakite. "Bajadikan elkartuko gara eta listo".

Txarangan aritzearen alde hoberena, aldiz, kideen arteko laguntasuna dela nabarmendu du. "Lagunak garela". Orain 20 urteko gazteak sartu dira eta berak 50 urte ditu, "eta antzeko gauzak gustatzen zaizkigu. Elkarren artean osagarri gara. Ez dago belaunaldi mugarik". Gustuko zerbait dute guztiek, "eta horrek adina baina pisu handiagoa du. Nire azalpen batek gazte batenaren balore berdina dauka". Beteranoek esperientzia eskaintzen dute, eta gazteek berritasuna.

Jai hartzen duten egunetan ere, "defektu profesionalagatik jotzen bukatuko genuke". Gonzalezi gertatu izan zaio oporretara joan dela eta talderen baten emanaldia ikusten ari zela, "gaizki pasatu izana, jotzea nahi nuelako". Gustura egiten dute eta ez badute jotzen "arraro" sentitzen dira. "Lekuz kanpo bezala, zer egin jakin gabe". Txarangarekin hartzen duten konpromisoa handia da. "Emanaldi bat ez egiteko pisuzko arrazoiak egon behar dute".

Pandemia
COVID-19 birusak eragindako pandemia "ateratzeko gogoekin" bizi dute Txaranga Txorongon. "Ea noiz altxatzen zituzten neurriak itxoiten". Askatasun "pixka bat" eman dutenean "jendeak gogoekin" hartu duela esan du Gonzalezek. "Oso luze egin zitzaidan. Gehienbat udan. Gutxi gorabehera egutegi bat egina dugu, eta emanaldirik gabe ia ez nekien zer egunetan bizi nintzen".


Altsasuko Ferietan kalejira egin zuten. 

Altsasuko Ferietan, ia bi urteren ondoren, kalejira egin zuten. "Urduri nengoen. Ia lehenengo aldiz bezala. Ez dakizu zutaz ahaztu diren edo zu haietaz…". Hunkigarria izan zela aitortu du Gonzalezek. "Gogo handiak" zituzten. Ferietako kalejira aurretik zenbait emanaldi eskaini ditu Txorongok bi urte hauetan. Esaterako, udan Iortia zabalguneko oholtzan kontzertua egin zuten. "Horrelako formatu batean jotzen dugun lehenengo aldia izanda". Herriren batean kioskoan jo izan dute, bermutaren orduan. Auzateetan ere "geldi" egon ohi dira, baina oholtza gaineko lehenengo kontzertua izan da. "Txaranga mugitzeko musika da". Pandemiarekin geldirik jo behar izan zuten, eta esperientziarekin pozik gelditu ziren "Jendea pozik atera zen".

Festak
Kale hustu batean ere txarangaren doinuak entzuten direnean, hasten da festa. "Nik uste festak txarangarik gabe ez zirela ezer izango. Bajadikan zenbat jende bildu zen? Utzi digutenean jendeak erantzun du". Gogo handia zegoen. Musikaren garrantziaz askotan eztabaidatu dutela aipatu du Gonzalezek: "Musika betidanik egon da".

Festen eta emanaldien egutegia oso zabala da. Baina Gonzalez Altsasuko festetako irteerekin gelditzen da. "Nire herrian asko disfrutatzen dut. Edozein festatan". Bat aukeratzekotan inauteria aipatu du. "Altsasuko festak bost egun dira, baina inauteriak urte erdian harrapatzen zaitu eta desfilean joatea, momotxorroekin eta abarrekin…". Berezia da.


Txaranga inauterietan. ARTXIBOA