Areto futbola

Xotak berdindu eta Aralar Mendik galdu

Guaixe 2021ko urr. 28a, 10:34
Xota. ARTXIBOA

Gizonezkoen hirugarren maila. Zazpigarren multzoa. Bosgarren jardunaldia: Aralar Mendi 5 – Universidad de Navarra 10 / Xota 2 – Anaitasuna 2

Gizonezkoen hirugarren mailan Aralar Mendik Universidad de Navarra hartu zuen Uharte Arakilen eta jipoi handia jaso zuen, izan ere 5 eta 10 galdu zuen OPUS-eko ikasleengandik. Partida oso lehiatua izan zen hasieratik. Horren isla, bigarren minuturako bana berdintzen zuten bi taldeek. Universidad de Navarrak beste bi gol sartu zituen segidan, baina Aralar Mendiren erantzuna bikaina izan zen, 5 eta 3 aurreratzea lortu zuelako. Baina, tamalez, aginte makila hartu zuten OPUS-ekoek eta golak bata bestearen atzetik sartu zituzten, 5 eta 10 irabazi arte. 

Bestalde, Xotak bina berdindu zuen Anaitasunaren kontra. Lehen minutuan aurreratu zen Anaitasuna, baina Carlos Larraiozek segidan bi gol sartu zituen eta 2 eta 1 aurreratu zuen Xota. Partidak bere horretan jarraitu zuen, 24. minutuan Anaitasunak berdindu arte. 

Ribera de Navarrak jarraitzen du hirugarren mailako lider (hamabost puntu). Aralar Mendi zortzigarren postuan dago (lau puntu) eta Xota hamabigarren postuan (puntu bat). Asteburuan seigarren jardunaldia dago jokoan. Ablitas taldearen kontra lehiatuko da Aralar Mendi larunbatean, 17:00etan, eta Kirol Sport izango du aurkari Xotak, larunbatean, 17:30ean.