EH Bilduko Arabako Lautadako eta Sakanako ordezkariak Etxarri Aranatzen bilera egin zuten larunbatean. Koalizioak azaldu duenez, "bi eskualdeen arteko elkarlana bultzatzeko" egin zen bilera, "izan ere, asko dira komunean dituzten erronkak, gabeziak, aukerak eta arriskuak". Mugikortasunaren arloan lau gai jorratu zituzten EH Bilduko kideek. Batetik, "kalitatezko garraio publikoa bermatzeko, lehentasunezkotzat" jo dute Miranda de Ebro eta Altsasu arteko tren soziala martxan jartzea. Baita Altsasu eta Iruñean artean ere. Bestetik, Europako Atlantikoko kostaldetik Norvegia eta Portugal lotuko dituen Eurovelo 1 bizikleta ibilbidea. Bi eskualdeetatik pasako da, baina oraindik ez dago loturarik. Donejakue bideari lotutako azpiegiturak hobetzea eta mugikortasun kooperatiboa bultzatzeko sortu berri den KudeaGO izeneko aplikazioaren aukerak ere aztertu zituzten bileran.
Koalizioaren bi eskualdeetako kideek elikadura burujabetzari erreparatu zioten, eta egoki jo zuten Lautadako Landa Garapen Elkartea, Sakanako Mankomunitatea eta Sakanako Garapen Agentzia elkarlanean aritzea. Besteak beste aztertu zuten Lautadako Elikagaien Transformaziorako zentroak dituen aukerak eta etorkizunean eskainiko dituen zerbitzuak. Han lekaleak eta beste ale batzuen garbiketa gunea martxan dago. Bestetik, hegaztiendako hiltegi modularra egiteko proiektua dute, eta errota lanetan zein irinaren eraldaketan ere lanean ari da. Sakanan, aldiz, Etxarri Aranazko zatitze gela martxan jarri da, hiltegi zerbitzuaren osagarri gisa.
Hondakinen kudeaketa ere EH Bildukoen bileran hizketa gai izan zen. Asparrenen organikoa tratatzeko 1.200 metro karratuko instalazioa eraikitzen ari dira eta Arbizun konpost planta martxan dago. Energia azpiegiturei dagokienez, Zaragoza eta Gasteiz lotuko omen dituen goi tentsioko lineari erreparatu zioten, bi eskualdeak zeharkatuko lituzkeelako. Alegazioak aurkezteko epea zabalik dago eta bide hori eskutik egiteko asmoa du EH Bilduk.