Nafarroako Gobernuaren atean eskale ilara bat. Urteetan horrela irudikatu dute beraien burua herrietako alkateek eta kontzejuetako presidenteek Iruñera diru eske joan direnean. Herrian edozer egiteko Nafarroako Gobernuaren oniritziaz aparte, haren dirulaguntza behar baitzuten, eta dute. Udalen eta kontzejuen ekonomiaren mendekotasunaren adierazle garbia. Baina Nafarroako Gobernua barrutik eta kanpotik babesten duten alderdi eta koalizioen adostutakoaren arabera, toki erakundeek finantzaketa eredu berria izanen dute heldu den urtetik aurrera. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak adostu dute.
Nafarroako aurrekontuetan udalerri eta kontzejuendako 271,7 milioi euro aurreikusi dira heldu den urterako (aurten baino 16,4 milioi gehiago). Horrekin toki erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko aukera izanen dute. Gainera, kopuru hori urtero Kontsumo Prezioen Indizea gehi bi punturekin eguneratuko da, Jarduera Ekonomikoen Zergari dagokiona izan ezik). Horrela, toki erakundeen finantzaketari egonkortasuna eman nahi diote. Finantzaketa-eredu berriarekin herritar guztiek zerbitzu eta azpiegituretarako sarbide bera izatea bermatu nahi dute.
Eredu berria
Egungo finantzaketa ereduak urtetik urtera handitzen den lurralde desberdintasuna sustatzen duela uste dute akordioaren sinatzaileek. Horregatik, diru banaketa egiteko bederatzi aldagai ditu: udalerriko biztanleria, pobrezia arriskuan dagoen biztanleria, 65 urtetik gorako biztanleria eta zahartze maila, hiri azalera publikoa, udalerriko biztanle guneen sakabanatze indizea, lurralde ekarpena, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga, Ibilgailuen gaineko zerga eta herri lurren aprobetxamenduari lotutako diru sarrerak.
2.500 biztanletik beherako udalerrietan, biztanleriarekiko banaketa proportzionala handitu egiten da, tarteen araberako zenbateko finkoekin. Horrela, bermatzen da udal guztiek, txikiak izan arren, gutxieneko zenbateko bat izanen dutela erakunde guztien oinarrizko gastu komunei aurre egiteko, eta gastu horiek ez daudela biztanle kopuruaren menpe. Transferentzia Arrunten Funts Orokorrak 196,6 milioi euro izanen ditu 2022an.
Horrekin batera, 44,5 milioi euroko funtsa sortuko du gobernuak, toki erakundeek ematen dituzten zerbitzuen arabera banatuko dena. Horrela, banaketari begira, 0-3 urteko ikastetxeei, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei eta liburutegiei dagozkien zerbitzuak hartuko dira kontuan. Funts horretan, bestalde, montepioen modulu bat sartu da, Kontuen Ganberak 2017ko txosten batean emandako gomendioak betez. Azkenik, Lurralde Kohesiorako Funtsa sortu da, 16,2 milioikoa, udalerri jakin batzuek Nafarroako lurralde garapen jasangarrian betetzen duten zeregina indartzeko, trakzio izaeragatik eta lurralde orekari egiten dioten ekarpenagatik. Nafarroako eta Europako Lurralde Estrategiaren 6 printzipioetan oinarrituta (irisgarritasuna, kontserbazioa, lehiakortasuna, gizarte kohesioa, polizentrismoa eta identitatea), funtsetik 30 herrik jasoko dute dirua, tartean Irurtzun eta Altsasu daude. Azkenik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 450.000 euro jasoko ditu.
Urtea despeditu arte udalek jasoko duten diru kopuru zehatza ezin da jakin, baina Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera Altsasuko Udalak 285.000 euro gehiago jasoko lituzke heldu den urtean, 2,7 milioi euro guztira.
2021eko diru banaketa | |
Udalerriaren populazioa | Euro biztanleko |
+50.000 (Iruñea) | 432 euro |
20.001 eta 50.000 | 280 euro |
2.001 eta 5.000 | 325 euro |