Astekoa

Euskaldunak gara, nafarrak gara!

Topagune euskaltzaleen mugimenduak antolatuta, Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak izeneko jardunaldia burutu zen urriaren 14an, Iruñeko Kondestable jauregian. Ponentzietako batean, Xabier Erize soziolinguistikan doktoreak euskararekin kontakturik ez duten nafarrek euskararekiko duten jarreraren gaineko azterketa esploratorio baten emaitzak azaldu zituen. Ustekaberik ez. Ziurrenik, euskalgintzan aurretik ere susmatzen zirenak baitziren, baina datu esplizituak ziren.

Pare bat nabarmentzeagatik, lehenengoa, euskarak Nafarroako populazioan duen irismen gaitasuna % 30era mugatzen da, izan ere, beste % 70 nahikoa errefraktarioa da. Ikastetxeetako euskarazko matrikulazioetako datuak, sabai gaindigaitza bihurtu dena. Bigarrena, euskararekiko jarrera urruna azaltzen duten horiek diote euskararen sustapena ideologia eta jarduera politika jakin batzuetatik egiten dela, eta horregatik ez dela erakargarria haiendako.

Beste alde batetik, datu horiek bat egiten dute Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren proiektua lanetik ateratako datuekin. Hau da, 2021. urteko naziometroan nafar-espainiar-euskal herritar identitate sentimenduari buruz galdetuta, % 89k nafar ikusten du bere burua (Nafarroan nafar sentitzea guztiz normala), %68k espainiar, eta % 33k euskal herritar. Bestalde, soilik nafar %7k, soilik espainiar % 3k, eta soilik euskal herritar %1ek.

Azterketa esploratorio xumea izan arren, gakoren bat iradokitzen du, hau da, nafar guztiek euskara haien ondare sentitzeko, euskara kultura elementu gisa indartu behar da, nafar guztiona izanen dena. Hori horrela, alde batetik, argi dago espainolismo hegemonikoak euskararen aurka darabilen gurutzada indargabetu beharko litzatekeela; baina, bestetik, ematen du mundu abertzaleak gogoeta sakona egin beharko lukeela Nafarroan darabilen diskurtsoari buruz, Euskaditik inportatuak muga zehatzak baititu.

Nafarroak, berez, aski pertsonalitate historikoa eta juridikoa du eta, beharbada, euskararen sustapena nafartasunari gehiago lotu beharko litzaioke. Horrela bat-bateko burutazioa, Nafarroan gaudelarik, zein lelok izanen luke irismen handiagoa, “Euskal Herrian euskaraz!” aldarrikatzeak ala, adibidez, “Euskaldunak gara, nafarrak gara!”? Gogoetarako puntua, besterik ez.