Pilota

Ezkurdiak dio "finalerdi zaila baina era berean, oso polita" duela aurrean

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 29a, 12:00
Altuna eta Ezkurdia, atzo, osteguna, Ogetan aukeratutako materialarekin. ASPEPELOTA.EUS

Final kutsua duen Lau eta Erdiko finalerdia jokatuko dute Ezkurdiak eta Altunak igandean. Arbizuarra ligaxkako partida guztiak irabazita iritsi da hitzordura, Altuna bakarra huts eginda. Promozioko finalerdian, Bakaikoak Dario izanen du aurkari astelehenean

Iritsi da Lau eta Erdiko Pilota Txapelketako azken txanpa, asteburuan finalerdiak baitaude jokoan. Sekulako maila eta ikuskizuna emanda iritsi dira finalerdietara Joseba Ezkurdia Galarraga eta Jokin Altuna Altuna, batetik, eta Peio Etxeberria Vittorini eta Unai Laso Lizaso, bestetik.

Peio Etxeberriak eta Unai Lasok jokatuko dute lehenengo finalerdia, larunbatean, Labrit pilotalekuan (17:15ean, ETB1). Asteazkenean aukeratu zuten materiala, ez zen inolako aitzakiarik egon, eta finalerdietarako “oso gogotsu, ilusio handiz” daudela aitortu zuten biek. Finalerdia oso irekia da, eta erritmo handikoa izango dela dio katedrak.

Beste finalerdia Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko dute, Gasteizko Ogetan, (16:30ean, ETB1) eta ikusmina handia da, finalerdiak final kutsua duelako, guztiz. Atzo, osteguna, banatu zuten materiala kaiolan bina txapela dituzten distantzia laburreko espezialistek. “Igandea noiz iritsiko zain nago. Entrenamenduetan asko ari naiz gozatzen” nabarmendu zuen Altunak osteguneko material aukeraketan. Ezkurdia ere gustura dago. “Ez dakit nire momenturik onena den, baina ongi nago: eskuz, fisikoz, jokoz… Finalerdi zaila daukagu aurrean, baina, era berean, oso polita. Gogotsu ea bertatik zer ateratzen den ikusteko” aitortu zuen arbizuarrak, irabazteko bere esku dagoen “guztia” egingo duela gaineratuz. “Nirea ematen saiatuko naiz, eta Jokin hobea bada, zorionak eman” aipatu zuen.

Bakaikoak Dario aurkari Promozioan
Joanes Bakaikoa etxarriarrak Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketan finalerdietara sailkatzea lortu du. Promozioko bi finalerdiak Logroñon jokatuko dira, astelehenean, Domu Santu egunean (17:00etan, ETB1). Bakaikoak Dario izango du aurkari, eta Zabalak Zubizarreta III.a.